Txiki eta Otaegiren erailketaren urteurrenaren harira, hitzaldia egingo du bihar Sortuk
Askatzera lotuak ekimenaren barnean egingo dute solasaldia. Irailaren 27an Iruñean egingo den ekitaldirako autobusak iragarri dituzte.
Hitzaldi bat emango du Oiartzungo Sortuk bihar (hilak 17, asteazkena), Askatzera lotuak ekimenaren harira. “Duela 50 urte erail zituzten Txiki eta Otaegi, eta era berean, mende erdia pasa da Franco hil eta Juan Carlos I Borboikoa estatu buru izendatu zutenetik”, adierazi du Oiartzungo Sortuk. Urteurren horien harira irailaren 27an nazio ekitaldia antolatu dute Iruñean, eta lehenago, herriz herri motorrak berotzen hasiko dira.
Arizmendienean egingo dute solasaldia. Andoni Olariaga Iratzar fundazioko kide eta filosofoak emango du hitzaldia, 18:00etan hasita. “Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko baliatuko dugu 50. urteurrena. Horregatik, ezarritako hitzorduetara bertaratzeko gonbidapena egin nahi dugu”.
Horrez gain, Iruñeko ekitaldirako autobusen ordutegiak zehaztu dituzte jada. 15;15ean aterako da autobusa, eta itzulera ekitaldia amaitzean izango da, 20:00etan. Izena emateko zerrendak Kastron eta Landetxen aurki daitezke.
