Trintxerpeko Itsastarrak Pirinioetara joango dira, asteburu pasa
Itsastarrak eta Herrerako Mendizaleak Ordesa eta Monte Perdido parke nazionalera joango dira hilaren 20an eta 21ean. Orotara, bi irteera egingo dituzte.
Trintxerpeko Itsastarrak Mendi Taldeak eta Herrerako Mendizaleek Pirinioetako Ordesa eta Monte Perdido parke nazionalera irteera egingo dute asteburu honetan (hilak 20 eta 21). Mendizaleak larunbateko 06:00etan irtengo dira Trintxerpeko kaitik. 06:05ean Garberan eta 06:10ean Pio XIIn geldialdiak egingo dituzte, jendea jasotzeko. Elkarteetako bazkideek 100 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko; bazkide ez diren mendizaleen prezioa, aldiz, 115 eurokoa da. Izen emateak galdetegi bidez egin behar dira.
Orotara, bi irteera egingo dituzte. Larunbatean (hilak 20) Gavarnietik Cabane des Soldatsera joango dira mendizaleak. 6 kilometro inguruko ibilbide bat da, eta, besteak beste, Gavarnieko Zirkua eta bertako ur-jauzia bisitatuko dituzte. Nahi duenak ibilaldia luzatu ahal izango du Bujarueloko muinera.
Igandean (hilak 21) Marboreko Kaskora joango dira mendizaleak. 15 kilometro inguruko ibilbide bat proposatu dute, egun osoko iraupenekoa, eta, besteak beste, Tenteseko muina eta Rolandeko bretxa zeharkatuko dituzte tontorrera iritsi baino lehen.
Gaua Pirinioetan pasako dute, eta alojamenduan mantenu erdia sartua dutela jakinarazi dute sustatzaileek. Hala ere, lo zakua edota toalla eramatea eskatu diete mendizaleei. Horrez gain, 3.000 metroko gain bat egingo dutenez, arropa eta ekipamendu egokia eramatea gogorarazi diete parte hartzaileei.
