Jardueraz beterik heldu da Europako Mugikortasun Astea
Argazki erakusketa, tailerrak, jolasak eta bizikleten bigarren eskuko azoka ere antolatu dute hilaren 22tik 26ra bitartean.
Europako Mugikortasun Astea egingo dute hilaren 22tik 26ra, eta Errenteriako Udalak bat egin du aurten ere. Kanpainaren leloa, Mugikortasuna pertsona guztiontzat da eta udalak egitarau zabala ondu astearen barruan hilaren 22an hasi eta 26ra arte.
Argazki erakusketa da antolatu duen ekintzetako bat. Astelehenean zabalduko dute erakusketa hori, eta bizikleta eta bere elementuen birziklapena izango da erakusketaren oinarria eta Lekuona Fabrikaren sarrera aurrean jarriko dute. Sarbidea librea izango da egun osoan zehar.
Bigarren hitzordua, egun horretan bertan, bizikletak prest jartzeko tailer ibiltariarekin. Gipuzkoako Foru aldundiak antolatuta, bizikleten konponketa txikiak egingo dituzte Xabier Olaskoaga plazan 10:30etik 14:00etara. Hala nola, gurpilak berrikusi, kateak koipeztatu, edo balaztak berrikusiko dituzte. Tailer horretan parte hartzen duten herritarrek bi bizikletaren eta Mugi txartelaren 20 euroko 60 kargaren zozketan zozketan sartuko dira.
Astearen barruan, bigarren eskuko bizikleten merkatua egingo dute hilaren 26an, ostirala, Zumardian 16:30ean hasi eta 20:00ak arte. Aurreko ekitaldietan egin moduan, salerosketarako gune bat jarriko dute herritar guztien eskura, doako gordailu sistema baten bidez. Antolakuntzako langileak arduratuko dira objektuak gordailuan zaindu eta haien salmentaz. Gordailu zerbitzu hori, 15:00etatik16:30era izango da zabalik. Bizikletak eta patineteak hartuko dituzte bertan, eta saldu nahi direnak eraman eta antolakuntza taldeari utzi beharko dira.
Ezinbestekoa izango dute bizikleta edota patinetea saldu nahi duten herritarrek aldez aurretik izena ematea online inprimakia beteta (klikatu hemen), edo 943 67 02 49 telefono zenbakira deituta. Sailtzaileek adin nagusikoak izan behar dute eta datu pertsonalak eman beharko dituzte, nortasun agiriaren zenbakia eta telefono zenbakia, hain zuzen ere.
Antolatzaileek nabarmen jarri dute ez dituztela 600 euro baino gehiagoko prezioa duten objektuak onartuko. Azoka bukatzean, salmentatik bildutako dirua edo saldu ez diren objektuak itzuliko dizkiete jabeei.
Hilaren 26an bertan, beste bi jarduera egiteko aukera izango da. Agirre Lehendakariaren plazan izango dira biak; kale eta trebetasun jolasak izango dira 17:00etatik 19:00etara familiei begira. Horietan egurrez eta bizikleten materialez eginiko kale jolasak izango dira. Horrekin batera, eta Laguntasuna Txirrindularitza Elkarteak eta Otxek elkarlanean antolatuta trebetasun zirkuitua izango dute eskura 12 urte arteko ausartenek. Bizikleta etxetik eraman beharko dute, eta mini motoak ere onartuko dituzte.
Bigarren jarduera, tailer parte hartzailea izango da. Mugikortasun jolasak egin bitartean, txapekin eginiko ibilgailuentzat egurrezko zirkuitua osatuko dute. Familiei zuzendua da, eta 17:00etatik 19:00etara egingo dute.
