Oarso Telebistaren ondarea digitalizatu dute
Eskualdeko telebistaren 400 zintatik gora analogikotik digitalera pasa dituzte Mikel eta Gexan Mendizabalek. Udalen esku dago orain material hori guztia.
Oarsoaldeko lau udalek Oarso Telebistaren funts historikoa digitalizatu dute. Funts hori Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Mikel Mendizabal oiartzuarrak zuten gordeta, eta Mikel beraren eta haren seme Gexan Mendizabalen lanari esker funts hori analogikotik (VHS eta Betacam zintak, 400 baino gehiago) eraman, eta udalen esku utzi dute. “Oarsoaldeko historia eta memoria berreskuratzeko bidean aurrerapauso garrantzitsua izan da”, esan dute garapen agentziatik.
Orain, digitalizatutako materiala udalen esku dago. Haiek erabakiko dute horrekin zer egin eta herritarren eskura nola jarri hori guztia.
1995an sortu zen Oarso Telebista eta 1996ko udaberrian hasi zen emisioekin. 2003ko abendura arte izan zen airean. Albistegiak, kultur saioak, eztabaida guneak, erreportajeak, elkarrizketak eta bestelako asko landu zituzten zazpi urteko bitarte horretan. Euskarazko hedabideen loraldi betean sortu zen eskualdeko telebista, tokian tokiko herri aldizkari eta irratien osagarri bezala, eta euskarak medioetan izan behar duen tokia bermatzea misio, beti ere tokikotasunetik, herrietatik eta herritarren ahotsa jasoz.
Memoria historikoa berreskuratzeko lanean aski ezaguna da eskualdean Mikel Mendizabal, Oiartzunen batik bat. Irakasle eta bikoizle ere izandakoa da. “Memoria kolektiboa ez bada gordetzen eta partekatzen, desagertzeko arriskuan da”, esan du Mendizabalek. Tokiko hizkuntzaren eta memoriaren ikuspuntutik garrantzia handiko lana izan dela nabarmendu dute.
