Pasaia, tentsionatutako eremu izateko bidean
Pasaiako Udalak etxebizitzen egoeraren diagnostiko batean oinarritutako ekintza plan bat osatu du, lau ardatz estrategikotan banatuta dagoena.
Teo Alberro alkateak eta Iraitz Pazos Etxebizitza zinegotziak Pasaia tentsionatutako eremu izendatzeko eta etxebizitzaren problematikari modu “ausart eta eraginkorrean” aurre egiteko Pasaiako Udalak prestatu duen ekintza plana aurkeztu dute.
Etxebizitza ardatz duen plana hutsetik sortu ez dela jakinarazi du udalak, plana osatu aurretik Pasaiako etxebizitzen egoeraren inguruko diagnostiko bat egin baitzuten. Jasotako datuen arabera, pasaitarrek etxebizitza ordaintzeko egin behar duten ahalegin ekonomikoak (alokairu errenta eta hornidura gastuak) udalerria tentsio eremu izendatzeko baldintza betetzen duela adierazi du udalak, herriko familia batek, batez beste, bere diru sarreren %35,9 bideratzen baitu etxebizitzako gastuetara. Irizpideak %30 gainditzea eskatzen du, eta zenbateko horren gainetik dago Pasaia. %30eko langa hori, gainera, barruti guztietan gainditzen dela zehaztu du udal erakundeak.
Horrez gain, erosketarako etxebizitza eskaintza gero eta urriagoa dela nabarmendu du udalak, eta hutsi dauden etxebizitza askok ez dute erabilerarik. Hori gutxi balitz, Pasaiak lurzoru eraikigarri gutxi du, “beraz, helburua izan beharko da dagoeneko eraikita dagoena mobilizatzea, jabetza publikoa lehenetsiz”.
Aipatutako egoerei “kolektibo ahulenen egoera berezi zailak eta etxebizitza duin eta eskuragarria aurkitzeko ezintasun gero eta handiagoa” gehitu behar zaiola adierazi du udal erakundeak. Kolektibo ahulen taldean gazteak, adinekoak edo errenta txikiko familiak sartu dituzte. Testuinguru horrek tentsionatutako eremuaren izendapena eta ekintza plan “ausart” bat abian jartzeko premia agerian uzten duela baietsi du udalak.
Honakoa adierazi du Teo Alberro alkateak aurkeztutako ekintza planaren inguruan: “Pasaiak ezin dio etxebizitzaren arazoari bizkar eman. Herritar askok zailtasun gero eta handiagoak dituzte alokairuari edo etxebizitza duin baten erosketari aurre egiteko. Horregatik, ezinbestekoa da gure udalerriak tentsionatutako eremuaren izendapena lortzea, neurri eraginkorrak martxan jarri ahal izateko. Plan honek bide orri argia eskaintzen du, eta pasaitar guztien bizi kalitatea hobetzea du helburu”.
Bestalde, Iraitz Pazos Etxebizitza zinegotziak planaren ildo nagusiak azaldu ditu: “Ekintza plana lau ardatz estrategikotan antolatu dugu, bakoitza neurri praktikoekin eta helburu zehatzekin. Ez da dokumentu teorikoa, ekintza praktiko eta egingarriak jasotzen ditu, eta ibilbide orri zehatz batekin aurkezten dugu, kronograma argi batekin”.
Ekintza planaren ardatz nagusiak
1. Ardatza: Alokairu eskuragarria sustatzea
Ardatz honek xede du Pasaiako norbanako eta familiek alokairuagatiko prezio justua ordaintzeko estrategiak martxan jartzea. Horretarako, aurreikusitako estrategiak, besteak beste, honakoak dira: etxebizitza berriak eraikitzea orubeak Jaurlaritzari lagaz edo harekin batera lankidetzan; etxebizitza garapen berrietan adinen arteko nahasketa bilatzen duten etxebizitza tipologiak sustatzea; zuzkidurazko etxebizitzen sustapena; edota lehendik dauden eraikinen birgaitze integrala egitea, bizitegi erabilerarako aukera berriak sortzeko.
2. Ardatza: Bizitegi eraikinen parkea eta hiri berroneratzea
Bigarren ardatzaren helburua da etxe eta auzoak berritzea, jasangarriagoak eta bizi kalitate handiagokoak izan daitezen. Horretarako, honako estrategiak proposatu dira, kasu: eraikinen birgaitze energetikoak eta irisgarritasun obrak, auzo degradatuen berroneratzea eta eraikin publikoen erabilera berriak, edota diru laguntza sistema bat diseinatzea egoera kaxkarrean dauden etxebizitzak zaharberritzeko.
3. Ardatza: Alokairurako prestazioen eta diru laguntzen sistema
Ardatz honen helburua da pasaitarrei aholkularitza eta bide laguntza ematea etxebizitzarako sarbidea errazteko. Horren barruan proposatutako estrategiek aurreikusten dute, adibidez, xede horretarako abian dauden diru laguntza programen inguruko informazioa ematen eta jarraipena egiten jarraitzea Pasaiako Udaletik.
4. Ardatza: Gobernantza eta erakundeen koordinazioa
Azken ardatzak bilatzen du udalak, herritarrek eta bestelako erakundeek elkarlanean jardutea eta erabakiak gardentasunez hartzea. Hori lortzeko, lau estrategia proposatu dira: estrategia zuzentzailea (etxebizitza hutsen gaineko kanona aplikatuz edota Ondasun Higiezinen gaineko Zergan gainkarga ezarriz etxebizitza hutsei); estrategia interbentzionista (garapen urbanistikoaren diseinuak udal interes eta printzipioak betetzen dituela bermatzea); estrategia erregulatzailea (etxebizitza turistikoen kontrolarekin segitzea, eta HAPOan horiek debekatzea); eta estrategia optimizatzailea (eraikita dauden eraikinen erabilera trinkoagoa egitea espazio berean bizileku gehiago sor daitezen, etxebizitzak trukatzea, adinekoentzako bizitoki alternatibak aztertzea eta libratu daitezkeen etxeak gazteen emantzipaziorako bideratzea, edo negozioak kale mailara jaistea).
Konpromiso politikoaren beharra
“Aurkeztu ditugun neurriak oso garrantzitsuak dira eta aurrerapauso handia dakarte dute gure herritarrentzat. Hala ere, ezin dugu ahaztu ezinbestekoa dela bai aldundian bai Espainiako Gobernuan ardura dutenek Etxebizitzen Alokairu Prezioen Erreferentzia Indizea premiaz zehaztu eta eguneratzea. Sistema horrek markatzen du zein den alokairuen prezio erreferentziala udalerri bakoitzean, eta horren arabera bakarrik ezar daitezke mugak bizitegi merkatu tentsionatutzat jotako eremuetan. Indize hori ezarrita eta eguneratuta egon gabe, udalek ez daukagu aukerarik alokairuen prezioari benetako muga jartzeko. Horregatik, ezinbestekoa da indize hori lehenbailehen argitaratzea eta aplikagarria izatea gure udalerrian, pasaitarrek alokairu bidezko eta eskuragarria izan dezaten”, adierazi du Alberrok.
Garatutako ekintza plana udalaren webgunean argitaratuta dago jada, eta pasaitarrek bertan kontsulta ditzakete aurreikusitako kronograma eta ekintza zehatzak. Pasaiako Udal Gobernuak hilaren 30eko osoko bilkurara eramango du Pasaia tentsionatutako eremu izendatzeko eskaeraren onarpena. Ondoren, eskakizuna Eusko Jaurlaritzari helaraziko diote.
