"Konfiantza eta maila polita hartzeko urtea izan da"
Hogei urteko irundarrak Baiko enpresarekin bi urterako kontratua sinatu du. Gaur jokatuko du profesionaletako debuteko partida Uranzun, eta horren atarian sentsazioen, aurreikuspenen eta helburuen inguruan mintzatu da.
Unai Amiano Goñi Uranzu pilotalekuan. Imanol Saiz Gomez de Segura Pozik esnatu da gaur Irun, hiriak eskuzkoan lehen pilotari profesionala baitu: Unai Amiano Goñi. Berriki Baiko enpresarekin sinatu du bi urterako kontratua, eta gaur jokatuko du debuteko partida. Iztuetarekin osatuko du bikotea irundarrak, eta Jaka eta Imaz oiartzuarraren kontra lehiatuko dira Irungo Uranzu pilotalekuan. Aurretik, ordea, beste partida bat izango da: Bakaikoa eta Morgaetxeberria, Senar eta Lizeagaren kontra. 19:30ean hasiko da jaialdia, eta sarrerak salgai daude online zein leihatilan partida baino ordubete lehenagora arte.
Noiz eta nola hasi zinen pilota munduan? Zein izan da orain arte egindako bidea?
Hasieran, eta esango nuke denak bezala, eskolan hasi nintzen jokatzen, txikia nintzela. Anaiarekin eta lagunekin jokatzen nuen, eta hasiera hor dagoela esango nuke. Gero pausu bat harago eman eta pilota eskola batean izena ematea izaten da ohikoena, eta aldatzen joaten zara. Baina, esandakoa, hasiera horrela izaten da: eskolan eta lagunekin.
Irundarra zara, baina pilota ibilbidea Irundik kanpo egin duzu: Beran, Añorgan eta Tolosan ibili zara. Zer dela eta?
Hasieran ikasketak Irunen hasi nituen bertakoa naizelako, baina Lehen Hezkuntzan Oiartzunera joan nintzen, eta bertan pilota afizio handiagoa dago, gehiago jokatzen dute. Irunera itzuli nintzen berriz, eta Beran ere izan nintzen, baita Añorgan ere.
Irungo lehenengo pilotari profesionala zara. Nola bizi duzu hori?
Tira, momentuz lasai. Uste dut berri ona dela lehenengoa izatea; tira, agian egon da besteren bat, duela urte asko, baina horrela izan ezean berri ona eta polita da aldi berean.
2025an zenbait txapelketa irabazi dituzu, hala nola 22 urtez azpiko Munduko Txapelketa, Mallabiko Biharko Izarrak, Espainiako Txapelketa, Errege Kopa eta Lezamako Txapelketa. Ez da urte makala izan.
Ez ez, egia esan ez. Emaitzak orokorrean nahiko onak izan dira, baina aurten egia da oso ondo ibili naizela joko aldetik zein emaitza aldetik. Urte ona izan da igo aurretik konfiantza hartzeko eta maila polita hartzeko.
Esango zenuke, beraz, aurten irabazi dituzun txapelketa horiek izan direla debuta egiteko giltza?
Bai, uste dut baietz. Azkenean ez dut esango besteak baino pauso bat aurrerago egon naizenik. Denek, orokorrean, emaitza onak ateratzen dituzte, baina emaitza onak izatea igotzeko pauso handi bat izan dela ez daukat zalantzarik. Lagundu du horrek, bai.
Espero zenuen debutatzea?
Ea, aukera badakizu hor egon daitekeela, baina baieztatu arte ez da ezer ziur jakiten. Maila altua dago, enpresa bakoitzean lehiakortasun handia dago, eta esperantza izanda ere ezer ezin da imajinatu, kontrakoa gertatuz gero kolpea bera handiagoa izaten delako. Kasu honetan nire alde atera da, eta pozik nago horregatik.
Nola jaso zenuen debutatu egingo zenuenaren mezua?
Momentu on batean harrapatu ninduen, eta bilera bat egiteko esan zidaten. Espero nuen, baina ehuneko ehunean ez nuen ziurtzat jo nahi debutaren inguruan hitz egingo genuela. Izan ere, edozer gauzaren inguruan hitz egiteko izan zitekeen bilera hori. Hala ere, baieztatu zidaten eta nire nahiak bete ziren.
Egun horretatik aldatu da zure entrenatzeko modua?
Bai, egia esan bai. Udan partida asko izaten ditugu, eta normalean hilabete oso mugituak izaten dira. Aurtengoa, aldiz, erabat bestelakoa izan da: lasaia, partida gutxirekin eta entrenamendu askorekin. Uste dut hori ondo etorri zaidala irailera fresko iristeko.
Partidarako lau egun baino ez dira geratzen [astelehenean egin zen elkarrizketa]. Nola sentitzen zara?
Oraingoz nahiko lasai nago. Orokorrean aste hauetan lasai nabil. Egia da gogoak ditudala ja eguna iritsi eta gainetik kentzeko, baina gogotsu nago eta nerbiorik gabe.
Egun hauetan prestaketa berezirik egiten ari zara?
Ez, dena lasai doa. Egia da azken egunetan elkarrizketak-eta egiten ari naizela eta hori zerbait berria dela niretzat, ez bainago oso ohituta. Baina, tira, gainontzekoan dena berdina ari da izaten, baita entrenamenduak ere, eta horrela jarraitu behar dugu, gauzak aldatuz gero okerrera egin dezaket eta.
Ostiraleko bikotea Martxel Iztuetarekin osatuko duzu. Zein uste duzu izan daitezkeela zuen indarguneak?
Kolpea esango nuke. Bion artean atzean kargatzeko gaitasuna daukagu, baina aurkariak ikusita, aurrean ere dena bikain egin beharko dugu irabazi nahi badugu.
Zein harreman duzu Iztuetarekin?
Aurretik ezagutzen nuen. Adin berekoak gara, eta klubean ere elkarrekin ibilitakoak gara. Harremana daukagu, eta Baikoko taldetik harreman gehien daukadana da bera. Oso ondo etorri zitzaidan jakitea berarekin debutatuko nuela; oso gustura nago horregatik. Poz handia hartu nuen bikote izango ginela jakin nuenean.
Jaka eta Imazen aurka ariko zarete. Nolako partida aurreikusten duzu?
Lehen-lehen mailako pilotariak dira, eta horrek beti sortzen du zalantza. Hala ere argi dut presiorik gabe atera beharreko partida bat dela, eta lasai jokatzea lortzen badugu uste dut aukera egongo dela behintzat zerbait estutzeko. Urduri ateratzen bagara kantxara borroka gutxi egongo da, hori ziur.
Hortaz, une hauetan ilusioa handiagoa da presioa baino?
Hori da. Ni, momentuz behintzat, nahiko lasai nago, eta nahiz eta partida iristen denean ez dakidan nola egongo naizen, orain lasai nago. Ea gero zer moduz joaten den partida.
Irunen, Uranzu pilotalekuan izango da partida. Etxean jokatzeak lasaitzen zaitu?
Bai. Egia da frontoi hori ez dudala gehiegi ezagutzen, ez baitut asko jokatu bertan, baina non debutatu aukeratzeko ahalmena emango balidate, nik neuk ere Uranzu aukeratuko nuke.
Zein dira debuteko zure helburuak? Partida horiek ez baitira beti izaten irabaztera joatekoak.
Lehenengo helburua, argi eta garbi, urduri ez jartzea da. Dena lasai egiten saiatuko naiz, normalean egiten dudan bezala, baina badakit oso zaila izango dela. Momentuz, beraz, lasai hartzea eta disfrutatzea dira helburuak.
Gero, disfrutatzea lortzen badut eta partida ona egiten badut, irabazteko aukeraren bat izan dezakegu, baina jakitun naiz oso zaila izango dela Jaka eta Imazi irabaztea.
Baiko enpresarekin bi urteko kontratua sinatu duzu. Zein dira zure epe laburreko zein luzeko helburu edota aurreikuspenak?
Momentuz gorputza zaintzea eta ez lesionatzea dira nire helburuak. Gero, ea zorte apur batekin nolabaiteko jarraikortasuna izateko aukera dudan partidak biltzeko eta konfiantza hartzeko. Eta, noski, debutean bezalaxe, disfrutatzea. Partida guztiak gozatu nahi ditut, emaitzei erreparatu gabe; nik uste dut disfrutatzea lortzen badut emaitzak ere politak izan daitezkeela. Hala ere, badakit hori ez dela beti nire esku egongo.
Zein frontoi edo txapelketa probatu nahi zenuke?
Txapelketa guztiak, egia esan. Orokorrean jokatzeko aukera izan nahi nuke; izan ere, batzuetan aurreikusten duzu partida edota txapelketa bat ez dela oso ondo aterako eta kontrakoa gertatzen da. Edo, noski, kontrakoa ere gerta liteke: posible da partida baten aurrean aurreikuspen onak izatea eta ondo ez ateratzea.
Orokorrean denak jokatzeko gogoa dut, eta ea zer moduz ateratzen diren.
Nola definituko zenuke zure burua kantxan?
Aurrelaria eta ezkerra naiz. Normalean, esango nuke ez naizela oso urduri jartzen, eta indarreko pilotaria naizela ere gehituko nuke. Hala ere, noski, egunak daude; batzuetan gauzak ondo ateratzen dira, beste batzuetan ez horrenbeste… Ezkerra naizela nabarmenduko nuke, normalean gehienak eskuinak izaten baitira.
