Udal euskaltegiaren ikasturtea, hastear
Hilaren 24an hasiko dira euskaltegiko klaseak, baina oraindik eman daiteke izena. Ohiko ikastaroez gain, beste zenbait jarduera ere antolatuko ditu; hala nola, tailerrak, hitzaldiak, txangoak...
Pasaiako Udal Euskaltegia ateak irekitzeko prest da. Hala, ikastaroetan izena emateko azken egunak dira, hilaren 24an hasiko baitira. Aurten ere, A1 mailatik C1 mailara arteko klaseak emango dira goizetik gauera arte; 07:00etatik 21:00etara, hain zuzen ere Gainera, langabetuentzako ikastaro trinkora izena emateko aukera ere egongo da, plaza batzuk gelditzen baitira oraindik. Ikastaro guztiak egiaztaturiko ziurtagiriren baterako egokituak daude, edo maila hobetzeko asmoa dutenentzako ere baliagarria izango da.
Gainera, eskolez gain, bestelako jarduera batzuk ere antolatzen ditu euskaltegiak, besteak beste, tailerrak, hitzaldiak, txangoak edo mintzalaguna. “Ikasleak motibatzeko eta euskara ingurune errealean praktikatzeko” helburua dute ekitaldi informalago hauek.
“Prezio publiko merkeak” dituela azpimarratu du euskaltegiak, nagusiki “langabezian daudenentzat, 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzat eta hasierako mailetan matrikulatzen diren ikasleentzat (A0A0 eta A2A1 bitartean”. Hori gutxi ez, eta ikasturtea bukatzean ordaindutako matrikula berreskuratzeko aukera izango dute ikasleek.
Informazio gehiago eskuratzeko edo ikastaroetan izena emateko 943 00 43 40 telefono zenbakira deitu edo zuzenean udal euskaltegira gerturatu daiteke.
