Musikaz jositako larunbata Lezon
Larunbatean, 12:30ean, Kantujira izango da Lezon. Ondoren, 18:00etan, Ebanjelari Iztieta Abesbatzaren txanda izango da.
Lezon dagoeneko ohitura bilakatu da Kantujirarekin “Euskal Herriko txoko guztietan kantatzen diren abestiak eta doinuak zabaltzea”, eta larunbat honetan ere, hilaren 27an, halaxe izango da. Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskola 12:30ean jarri du hitzordua Aiton-amona bordan, eta Kaialde eta Kale Nagusian geldialdia egin osten Gurutze Santuaren plazan bukatu dute ibilbidea. “Elkarrekin abestu eta kanta herrikoiez gozatzeko aukera” paregabea izango da larunbatekoa, hortaz, herritar guztiei gonbita luzatu die musika eskolak. Eta, inor hitzak ez ezagutzearen beldur baldin bada ez dadila kezkatu, abestien hitzak paperean banatuko dituela zehaztu du eta.
Halaber, arratsaldean ere musikak ez du etenik izango. 18:00etan Ebanjelari Iztieta Abesbatzak gospel kontzertua emango du Gurutze Santuaren plazan. Hala ere, euria eginez gero Gezala Auditoriumera lekualdatuko da. Bost urtetik gora daramatza abesbatzak kontzertuak ematen, “parte hartzaileak benetako gospel esperientzia batera eramateko asmoz”. “Lezon abesbatzaren errepertorio zabal eta aberasgarriaz gozatzeko aukera izango dela” azpimarratu dute antolatzaileek.
