'1936 Udatik negura' komikia aurkeztu berri dute
Oiartzunen 1936an tropa frankistek egindako sarrera du oinarri komikiak. Memoria historikoa gazteengana hurbiltzeko saiakera bat da.
Kepa Etxeberria, Jon Gaztelumendi eta Garazi Urdampilleta. IMANOL SAIZ 1936. urtean sartu ziren tropa frankistak Oiartzunen, Irun aldetik. Gerra zibilaren eta hainbat hamarkada iraungo zituen diktaduraren hasierak ziren horiek. Errepresio urteak izan ziren oiartzuarrentzat, eta memoria hori mantentzea garrantzitsua iruditzen zaie Kattin Txiki elkarteari eta Oiartzungo Udalari, besteak beste. Orain arte, dokumentalak, hitzaldiak, liburuak… denetarik egin dute memoria mantentzeko. Baina hutsune bat nabaritu zuten Kattin Txikikoek: gazteengana iristeko zailtasuna dute.
Hutsuneari konponbidea aurkitzeko asmoarekin komiki bat egin dute: 1936 udatik negura. Berez, bi komiki egitea da xedea, baina lehenengoa aurkeztu dute soilik. 1936ko ekainetik irailerako kontakizunak dira komikikoak. “Eguneroko istorioak kontatzen dira komikian, benetan izandako gertaerekin”, azaldu du Jon Gaztelumendi komikiaren gidoiaren egileak. Horretarako, dokumentazio lana egin behar izan dute, hainbat pertsonai eta gertaera ikertuz. “Hasieran Jonek dokumentazio pila bat eman zidan, paper multzo ikaragarria. Baina pixkanaka pixkanaka istorioa sortzen joan gara, eta dena modu artesanal batean”, esan du Kepa Etxebarria komikiaren marrazkilariak.
Komiki bat pelikula baten antzekoa da Etxebarriaren ustez, eta horregatik, marrazkilariak ezin du paper guztia bete, hau da, arnasteko momentua eduki behar du irakurleak. “Erronkarik handiena benetan existitu ziren pertsonaiak marraztea izan da, dokumentazio ikerketan lortutako argazkietatik abiatuta”, azaldu du marrazkilariak. Garazi Urdanpilleta Oiartzungo alkateordeak udalaren ordezkari lana egin du aurkezpenean, eta esan du garrantzitsua iruditzen zaiola egileei aitortza egitea. “Memoria jasotzeko forma asko daude, eta denak baliatu behar ditugu gure ustez”, adierazi du zinegotziak.
Eskuragai
Hiruren arteko lana izan da komikia. Aipatu moduan, Gaztelumendik gidoia osatu du, eta marrazkiak Etxebarriaren lana izan dira. Haiez gain, koloreak Zigor Garrok egin ditu. Hiruen artean sortutako komikia 20 eurotan salduko dute, oraingoz Urrats paperden. Baina Elkar liburu dendan zabaltzeko asmoa badutela adierazi dute.
HITZAren hurrengo asteko paperean sakontasunez garatuko dugu gaia, egileekin hitz eginda.
