Aldaketaren Marean, Mater protagonista
Materrek itsas hondakinak arrantzatzeko eta Alabortza senadia ikertzeko jarduerak egingo ditu asteburuan. Jaizkibelgo itsaslabarrak ezagutzeko bisita bat ere ondu dute.
Aldaketaren Marea egitasmoaren barruan, Materrek hitzordu bikoitza proposatu du asteburu honetarako. Larunbatean (hilak 27) itsas hondakinak arrantzatuko dituzte Mater ontzian nabigatuz, 10:00etatik 13:00etara. Salabardo eta sareen laguntzaz, itsasoan bukatu duten hondakinak bilduko dituzte. Igandean (hilak 28), aldiz, Donibaneko Alabortza senadiaren egoera ekologiakoaren jarraipena egingo dute, 10:00etatik 13:00etara, Kostaldea Ikertzen proiektuaren baitan.
Bi jarduera horiek doakoak dira, baina beharrezkoa da aurretiko erreserba egitea. Izena hiru modutara eman daiteke: 619 81 42 25 telefonora deituta, helbide elektronikora mezua bidalita edo Materren webgunea baliatuta.
Bestalde, eta uda agurtzeko, Materrek Jaizkibelgo itsaslabarrak bisitatzeko irteera antolatu du larunbaterako (hilak 27), 16:00etatik 17:30era. Parte hartzaileek Mater ontzian nabigatuko dute, Jaizkibelgo kostaldea ezagutzeko. Irteeraren prezio orokorra 30 eurokoa da. 12 urte baino gutxiagokoek, aldiz, 15 euro ordaindu beharko dituzte. Izen emateak 619 81 42 25 telefonora deituta, helbide elektronikora mezua bidalita edo Materren webgunea baliatuta egin behar dira.
