"Taldearen atzean sendotasuna, gogoa eta kalitate handia dago"
KAE1 Ligan lehiatuko da Hibaika datorren denboraldian. Gizon seniorren ontziak denboraldi bikaina osatu du eta helburu zituen play offa eta igoera lortu. Denboraldiaz, eta aurrera begirako asmoez mintzatu da Jon Otegi, Hibaika Arraun Elkarteko presidentea.
Jon Otegi Hibaika Arraun Elkarteko presidentea, artxiboko irudi bateanDani Novas KAE 1 Ligan arituko da Hibaika datorren denboraldian, zer suposatuko du klubarentzat?
Pausu handi bat aurrera. Mutilak bere kabuz igotzeak eta plantilla mantentzeak esan nahi du proiektu honetan gogo handia dagoela. Maila bat gehiagok, konpromiso handiagoa suposatuko du baina ikusgarriago ere egingo gaitu. Gauzak ondo egiten ari gara. Ea nola joaten zaigun datorren denboraldia.
Denboraldi bikaina egin dute Hibaikako Senior Gizonek. Hiru bandera ekarri dituzte etxera, KAE2 Ligan bigarren sailkatu dira, play offaren lehen jardunaldian garaipena… Denbora pasata, burua hotz, zein irakurketa egiten duzu taldearen gainean?
Nik uste dut talde sendoa dela, joan den urtean jada bazegoen taldea, denboraldi honetan jarraitu du talde osoak, eta datorren denboraldian ere jarraituko du. Horren atzean sendotasuna dago, gogoa dago eta kalitate handia dago. Hobetzeko ere asko dugu, gaztetasuna ere badago eta ikusi dugu play offean, itsasoan, hobetzekoa dugula. Baino barean oso ondo gabiltza. Orokorrean taldea ondo ikusten dut.
Banderei dagokionean, irabazteak ematen duen poza ikaragarria da, bai arraunlari, inguruko laguntzaile zein zaleei. Oso handia da. Egia da arerioa, Orio B, oso indartsu ibili dela, eta hala ere lortu ditugu hiru bandera. Uste dut, bandera horiek, balio handia dutela.
KAE1 Ligan lehiakor aritzeko aukerak ikusten dituzue?
Hori da ideia, hori nahi dugu eta hori espero dugu. Aurretik esan dudan moduan taldearen sendotasuna dago, eta ea gai garen beste pausu bat aurrera emateko arlo tekniko eta fisikoan. Zalantzarik ez dut lehiakor ibiliko dela ontzia; lehen urratsa mantentzea izango da, hori da ziurtatu behar duguna hurrengo denboraldian, KAE1 Ligan mantentzea.
Taldea mantenduko dela esan duzu. Arraunlariak, entrenatzailea eta prestatzaileak jarraituko dute, beraz?
Bai guztia lotuta dago, bai entrenatzailea, bai prestatzaile fisikoa, dena mantentzen da, datorren denboraldian lehiakor izateko eta gogoz aritzeko. Arraunlariak ere, printzipioz, baita.
Dani Cobjuc entrenatzaileak denboraldian zehar aipatu du behin baino gehiagotan blokea dagoela arraunlarien artean, lagun giroa dutela. Ander Rekondo patroiak ere play offaren atarian, bloke sendo hori aipatu zuen. Zein garrantzia ematen diozue horri klubetik?
Lehenengo gauza, gogoa izaten da gustura baldin bazaude proiektuan, eta gustura bazaude kideekin eta helburu zehatzak gauzak errazago lortzen dira. Arlo psikologikoa arraunean garrantzitsua da, asko du fisikotik, asko du teknikatik, baina buruak ere garrantzi izugarria dauka are gehiago jakinda zein gogorra den arraun mundua.
Play offera iristea zenuten helburua. Hori bete, eta maila ere igo duzue. Espero zenuten?
Helburua hori zen hasieratik eta itxaropena bagenuen, uste genuelako lortuko zutela.
Harrobiari begira jarrita neskekin ez da arazorik Hibaika Arraun Elkartean, oinarrizko kategorietan asko dituzue, eta hori ziurrenik emakumeak hainbeste urtez arraunaren gorenean aritzearekin zerikusia izango du. Bestelakoa izan da, ordea, egoera mutilekin; gehiago kostatzen da horiek klubera gerturatzea. Uste duzu maila igoerak eraginik izango duela mutil gehiago gerturatzeko?
Azkenean arrauna kirola da, baina baita ikuskizuna. Emakumeen trainerua ondo ibili da urte luzeak darama goian, hor mantendu eta horrek erakartzen ditu neskak gurera. Gizonen ontzia mailaz igota espero dugu ere hala izatea, eragina izatea, eta mutil gazte gehiago gerturatzea klubera. Denboraldia hasi berria da oinarrizko taldeekin, eta dagoeneko nabaritu dugu mutil gehiago gerturatu zaizkigula. Hurrengo denboraldia ere polita egitea dagokigu, beraz, jende gehiago erakartzen jarraitzeko arraun mundura.
Klubak urratsa aurrera egin duela nabarmendu nahiko nuke materialari dagokionean, logistikan, estruktura teknikoan, mutilen traineruan… ez da urrats handia, baina pixkanaka pixkanaka ari gara eta uste dut emaitzak ikusten ari direla. Bide horretan jarraitzea dagokigu poliki, urrats gehiago egiten emaitzak biltzen jarraitzeko. Poliki goaz, baina ondo goaz.
