Tokiko saltokiak "gainbeheran" daudela dio PSE-EEk
Kezkatuta azaldu da alderdi sozialista eta gertuko merkataritza sustatzea lehentasunezkoa jo du.
Isaac Palencia eta Almudena de La Torre PSE-EEko zinegotziak. Komertzioarekin kezkatuta azaldu da PSE-EE. Komunikabideetara bidalitako prentsa ohar bidez esan du tokiko merkataritza “suntsiketa” kezkagarria jasaten ari dela 2018tik, “2018tik %22 komertzio gutxiago daude gure herriko auzoetan. Saltoki txikiak auzotarrak saretzeko, eta auzoei izaera eman eta haien ekonomiari eusteko ezinbestekoak dira”.
Panorama gorria Isaac Palencia sozialisten bozeramaileak iradoki duena; haren hitzetan, ez ekitekotan Errenteria-Orereta identitate hori galtzeko arriskuan baitago. Tokiko merkataritza bultzatzea udalerriko ekonomia indartzeko “lehentasunezkoa” dela euren alderdiarentzat ere esan du, “baita lanpostuak sortu eta auzoetan oinarrizko zerbitzuak bermatzeko ere”. Azaldu duten kezka Euskal Komertzioaren Egitura Txostenetan bildutako datuetan oinarritu dutela ere azaldu du, “bertan jasotzen denaren arabera azken sei urtean Errenteriako bost komertzio minoristako bat galdu du; 2018a eta 2024a artean udalerriko txikizkarizko merkataritzaren dentsitatea 10,47koa izatetik 8,18koa izatera pasa da, eta horrek %21,9ko jaitsiera suposatzen du. Gipuzkoan 10,15ekoa da eta EAEn, 9,56koa.
Jaitsiera hori ez da puntuala PSE-EErentzat, “egiturazko joera da eta pandemiaz geroztik gehiagora jo du eta Erdialdeko zein auzoetako kaleak komertzioz husten ari da”.
Egoera hori are larriagoa dela auzoetan esan dute sozialistek, “bereziki Beraun, Galtzaraborda, Kaputxinoak eta Iztietan.
Salaketa ere egin du PSE-EEk eta EH Bilduri egotzi tokikom merkataritza berreskuratu edota aktibatzeko “neurri esanguratsurik jarri ez izana”, eta erantsi dute 2017an abian jarritako Hiri Merkataritza Biziberritzeko Plan Estrategikoak ez duela bere funtzioa bete, “onartu zenetik udalerriko merkataritza uhinak ez dio ahultzeari utzi”. Hori horrela plan estrategiko hori “urgentziaz” gaurkotzea ezinbestekoa jo du. Datozen urteetarako lehentasunak ere zehaztu ditu alderdi sozialistak prentsa oharrean. Horrela, Beraungo Aita Donosti eta Maurice Ravel kaleak berrurbanizatzearen beharra jarri u nabarmen, “merkataritzaren motorra dira. Beste hainbeste gertatzen da Galtzaraborda, Kaputxinoak edo Iztietan, lokal hutsak pilatzen ari dira horietan”.
Bukatzeko komertzioa biziberritzeko ezinbestekoa jo du alderdi horrek hiria egokitu eta baldintza ekonomiko eta sozialak sortzea, “espaloiak berritu, argiteria hobetu, oinezkoentzako sarbideak, garbiketa edo seinalitika oinarrizkoak dira, auzoak duindu eta bertan ekitea aukera bideragarria egiteko. auzo biziak nahi baditugu, auzo merkataritza beharrezkoa dugu; udalerri orekatua nahi badugu, Erdialdetik harago joango diren politikak behar ditugu”.
