Don Bosco LHI bisitatu du Azahara Dominguez diputatuak
Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Prestakuntzako Goi Mailako zikloa eskaintzen du Errenteria-Oreretako zentro horrek.
Azahara Dominguezek Don Bosco bisitatu du. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Mugikortasunarekin eta turismoarekin lotutako graduak ematen dituzten zentroetara bisita txanda egiten hasi zen iaz Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, eta horrekin lotuta, Don Bosco LH Institutura bisita egin du gaur. Bisita horien bidez, diputatuak zehaztu duenez, Gipuzkoako mugikortasun industriaren egoerari buruzko diagnostikoa izan nahi du, baita lurraldean sortzen diren profil profesionalen zein dauden beharrei buruzkoa ere.
Errenteria-Oreretako zentroa publikoa dela eta ekoizpen sektorearen eta gizartearen gaineko beharrei erantzuten saiatzen dela azaldu du gaurko bisitaren barruan Juan Carlos Lizarbe Don Boscoko zuzendariak. 2022-2023 ikasturtean Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Prestakuntza zikloa jarri zuen abian; ziklo horretako ikasleek autoeskolako irakasle eta zuzendari titulua lortzen dute eta udaletan edo beste erakunde batzuetan mugikortasun teknikari gisa lan egiteko aukera duutela zehaztu du zuzendariak: “Orain arte bi promozio atera dira, eta oso ondo txertatu dira autoeskolen sektorean, beste sektore batzuetan bezala profesional kualifikatuen premia handia baitute”.
Don Bosco da prestakuntza hori eskaintzen duen Gipuzkoako zentro bakarra.
Gaurko bisitan parte hartu dute Kepa Altube Ikaslan Gipuzkoako kudeatzaile eta koordinatzaileak, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, eta Don Bosco zentroko aipatu zikloko arduradun eta irakasleek.
