Inklusioa, laneratzea eta tokiko ekonomia sustatzeko esperientzia pilotua, Oarsoaldean
Eskualdeak dituen ezaugarriak eta esperientziak aintzat hartuta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak plan berriak diseinatzeko martxan jarriko den lehen fase pilotuan aritzeko aukeratu du Oarsoaldea.
Enpleguari buruzko 15/2023 Legeak lehen aldiz eman die protagonismoa udalerriei enplegua eta tokiko garapen ekonomikoa sustatzeko. Hori horrela, udalek politika aktiboak diseinatu eta gauzatzeko eskumena izango dute, inklusioa eta laneratzea bultzatuz. Oarsoaldea Garapen agentziak jakinarazi du Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak enplegu eta tokiko garapeneko plan berriak diseinatzeko prozesua martxan duela, eta aurten abiatuko duen lehen fase pilotuan, besteak beste, Oarsoaldeko udalerriak, Irun eta Hondarribia izango direla protagonistak garapen agentziaren laguntzarekin.
Plan pilotuaren abiapuntu bilakatuko dira, horrenbestez, Oarsoaldeko lau udalerriak Errenteria-Orereta, Lezo, Oiartzun, Pasaia baita Irun eta Hondarribia ere. Oarsoaldea Garapen Agentziak azaldu duenaren arabera, Oarsoaldeko lau udalen eskarmentua, lurralde aniztasuna eta langabezia tasak hartu dituzte aintzat esperientzia pilotua horietan abiatzeko.
Prozesuak eskualdeko egoera sozioekonomikoaren diagnostiko xehatua, lehentasunezko helburuak eta ekintzak zehaztea, eta jarraipen eta ebaluazio mekanismoak diseinatzea hartuko du barne.Aizpea Oategi Errenteriako alkate eta Oarsoaldea Garapen agentziako presidenteak nabarmen jarri du eredu berriak erabateko eraldaketa suposatuko duela, “udalen protagonismoa eta erantzukizuna nabarmen jarrai behar da aldaketarekin”.
Mikel Torres lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak jakinarazi du 2026ra arte plan berriak martxan jartzeko 7 milioi euroko inbertsioa egingo dutela Araba, Bizkai eta Gizpuzkoan. Fase piloturako horietatik 1,56 milioi euro erabiliko dira aurten; datorren urtean gainontzeko 5,47 milioi euroak. Iniziatibaren helburuak ere aipatu ditu Torresek, lau zehazki: Udal erakundeak aitortzea enplegu politiken diseinuan eta garapenean; erakunde arteko lankidetza indartzea enplegu politika aktiboak integratuz; gizarte kohesioa eta garapen ekonomikoa sustatzea, desorekak gaindituz; eta lan duina bermatzea eta kolektibo ahulenen integrazioa bultzatzea.
