Itsas zinema Pasaiara iritsiko da laugarrenez
Urpeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa (CIMASUB) hilaren 16tik 30era bitartean izango da. Berritasunez betetako programazio sorta zabala prestatu dute.
Urpeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa (CIMASUB) Pasaiara iritsiko da laugarrenez. Aurtengo zikloa hilaren 16tik 30era bitartean izango da, eta pasaitarrak ozeanoaren sakonerara eramango ditu. Sustatzaileek zinema proiekzio esklusiboak, itsas bizitzari eta paisaiei buruzko argazki erakusketa, Itsaspeko Txikiziklo herrikoia eta helduei begirako Itsaspeko Adinziklo berria ondu dituzte. Laugarren ekitaldia Irudi bakoitza, konpromiso bat. Begirada bakoitza aukera bat lelopean lurreratuko da Pasaian, eta Aldaketaren Marea egitasmoaren barruan kokatuta dago.
Honakoa adierazi du Iraitz Pazos Ingurumen zinegotziak zikloaren inguruan: “Aldaketarako Marea egitasmoaren barruan kokatzen dugun ziklo hau ezinbesteko zutabea da txiki-txikitatik ingurumena zaintzeari buruzko kontzientziazioarekin hasteko. Modu didaktiko eta hurbilean, Cimasub-ek gure itsasoak gertutik ezagutzeko modu bat eskaintzen die adingabeei urtero, eta hura zaintzeko eta babesteko tresnak ematen dizkie”.
Cimasub zikloaren barruko proiekzioak irekiak eta doakoak izango dira, eta itsas munduaren hainbat alderdi aztertuko dira film laburren eta dokumentalen bidez. Orotara, hiru saio antolatu dituzte, eta den-denak 19:00etan izango dira: hilaren 16an (Trintxerpeko Alkateordetzan), 23an (San Pedroko Udal Aretoan) eta 30ean (Trintxerpeko Alkateordetzan). Lehenean, itsas biodibertsitatea eta espezieen eta ingurunearen arteko harremanak jorratuko dira. Bigarrena, kontserbazioaren eta jasangarritasunaren ingurukoa da, eta klima aldaketa edota kutsadura lantzen ditu. Azken saioan, aldiz, itsasoari lotutako giza eta kultura historiak nabarmenduko dira.
Argazki erakusketa
Argazki erakusketa Trintxerpeko Alkateordetzan egongo da ikusgai, hilaren 16tik 30era bitartean. Erakusketa horrek itsas espezieak eta urpeko paisaiak erakutsiko ditu, eta ikuslea ozeanoetako bazter harrigarrienetara eramango ditu.
Itsaspeko Txikizikloa
Itsaspeko Txikizikloa gazteei begirako zinema hezigarria da. Proiektu horren baitan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek itsas biodibertsitatea deskubritu eta ozeanoak babestearen garrantzia ikasiko dute, proiekzioen eta hitzaldien bidez. Ikasleek film labur hezigarrien proiekzioetan hartuko dute parte, eta itsas munduko adituek emango dituzten hitzaldietan ere izango dira.
Proiekzioez eta hitzaldiez gain, ikasle horiek aldez aurreko lan bat egingo dute ikasgeletan, Cimasub-ek emandako material didaktikoarekin. Material horrek ingurumenaren egoerari begira jarriko ditu ikasleak, kontsumo arduratsuko eta naturarekiko errespetuko jarrerak sustatuz.
Itsaspeko Adinzikloa
Aurten, eta lehen aldiz, helduei begirako jarduerak antolatuko dira. Itsaspeko Adinzikloaren helburua da adinekoei eta horien familiei eta zaintzaileei biodibertsitatea esploratzeko aukera ematea, haren kontserbazioari buruz hausnartzeko. Helduei zuzendutako iniziatiba etorkizunean zabaldu nahi dela adierazi dute sustatzaileek, gizarte osoan ingurumen inklusioa eta sentsibilizazioa sustatzeko. Ziklo horren xehetasunak ixten ari dira, eta Cimasub-ek eta Pasaiako Udalak aurrerago emango dute haien berri.
Programazioari buruzko xehetasunak eta proiektatuko diren film laburrak Cimasub jaialdiaren webgunean kontsulta daitezke.
