Energia berriztagarrien komunitatea du Lezok, Kunkana
Atzo aurkeztu zuten herritarren aurrean Kunkana Lezoko Energia Berriztagarrien Komunitatea. Badute jada proiektu bat esku artean.
Atzoko aurkezpeneko talde argazkia. Elkarlanean eta komunitatean energia berriztagarriekin lotutako proiektuak garatzeko, Kunkana Energia Berriztagarrien Komunitate Kooperatiba sortu dute Lezon. Topalekua izan nahi du, energia garbi eta bertakoa sortuz, herritarrak kontsumitzaile pasibo izatetik prosumitzaile (produktore eta kontsumitzaile) izatera pasatzeko prest daudenen bilgune. Energia kontsumo eta sortze arduratsuaz gainera, gizarte balioak ere baditu Kunkanak: energia efizientziatik harago, pertsona zaurgarrienekin elkartasuna bultzatuko du; eta energiaren banaketa eraginkorragoa, justuagoa, inklusiboagoa, beharretara egokitutakoa izango du bokazio. Energia burujabetza sozialerako jauzia emango du Lezok Kunkanarekin, pertsonak erdigunean jarriz. Jada bertako bazkide izateko bideak zabalik dituzte. 20 bazkide ditu dagoeneko. Herriko 20 familiak esan diote ‘bai’ Kunkanari.
Kunkana Lezoko izendegiko zati da, topaleku kutsukoa. Olatzar, Lopene eta Mikura errekak batu, topo, kunka egiten duten lekua da. “Toponimia lezoar hau berreskuratu eta baliatu dugu, lezoarrok gure energia komunitate propioan bateratzea helburu dugulako”. Atzo (asteartea) topaleku izaera gorpuztu zuten, herriaren aurreko aurkezpen ekitaldia egin zuelako eragileak, Kultura Aretoan.
Zer diren, eta nola jardungo duten azaltzeaz gainera, emaitza baten berri ere eman zuten. Ez ziren hitz soiletara mugatu, beraz. Proposamen zehatza eraman zuten atzoko topalekura. Horregatik izan ziren hizlarien mahaian Kunkanako Amaiur Mikeo, Udaleko zinegotzi Jon Legorburu, eta Pasaia-Lezo Lizeoko lehendakari Nekane Artola: esku artean duten lehen proposamena da Pasaia-Lezo Lizeoaren herriko ikastolan instalazio fotovoltaikoa jartzea; azaroan hasiko dira horren muntaketarekin.
Instalazioaren xehetasunak, eta emaitzak
Mikeok azaldu zuenez, 90 panel fotovoltaikoko egitura izango da, 40 kilowatteko potentziakoa, 50 kilowatteko goia har dezakeena. Energia horretatik ia erdia Kunkanako bazkideen artean banatuko da 250 watteko 96 energia-poltsatan; beste zati bat udalak kudeatzen dituen eta egoera zaurgarrian diren pertsonentzako zazpi etxebizitzetarako izango da (kosturik gabe han bizi direnentzat; udalarekin hitzarmena egingo du Kunkanak, diruz laguntzeko); eta beste zatia Lizeoaren egoitzaren behar energetikoak osoki kubritzeko izango da.
Horren guztiaren gaineko xehetasunak eman zituen Mikeok: “Lezoko ikastolaren energia beharrizanak aseko ditu instalazioak, eta eskola egutegiaren arabera banatuko da energia; gainera, pertsona zaurgarriekin elkartasuna garatuko dugu; bidezko egitasmoa izango da, instalaziotik hartzen den energiaren arabera egingo da ordainketa, watt bakoitzak euro bateko prezioa duelarik; energia efizientzia bilatuko da, autokontsumoan batez besteko altuak lortzeko, bazkideei aukera emanaz duten kontsumoa azterketa egiteko; eta bertako merkatariekin lanean gara instalaziotik sortzen den eta soberan den energia haiek erabil dezaten aztertzeko”. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du Kunkanak egitasmo horri aurre egiteko.
“Eskerrik asko, Kunkana. Egin duzuen bideagatik, eta gurekin harremanetan jartzeagatik”, esan zuen Lizeoko Artolak. Ikastolaren presidenteak azaldu zuen ikastolak burujabetza energetikoaren bidea hasia duela, eta aipatu zuen jada Donibaneko egoitza nagusian Goienerrekin elkarlanean plaka fotovoltaikoen instalazioa jarria dutela. “Gure balioekin erabat bat egiten duen egitasmoa da Kunkaka. Komunitatearen beharrei erantzuten die, herri onura duen proiektua da, eredu koopertiboa du oinarri, eta lankidetzan eragiteko tresna da. Elkarrekin bidea egiteko prest gaude”.
Udaleko zinegotzi Legorburuk, bere aldetik, azaldu zuen udala hasieratik izan zela Iratzerrirekin batera gaiaren lanketa egiten. “Herrian alor honetan ezer gutxi genuen, eta iruditu zitzaigun honekin aurrera egin behar genuela. Lehen egitasmo bat mahaiaren gainean izatea oso garrantzitsua da, beste batzuk ere etorriko direlako. Udala beti saiatuko da horiek babesten”.
Eskualdeko hirugarrena
Kunkana Oarsoaldean den hirugarren energia komunitatea da. Oiartzungo Argitturrik eta Errenteria-Oreretako Ekiherrik bidea hasia dute Lezokoaren aurretik. Kunkanak ordezkariek atzo esan zutenez, sortze prozesuan haiekin izan dira, esperientziak partekatu eta aholkularitza izateko. Bide horretan Goienerren partaidetza ere eskertu zuten lezoarrek. Aurrerantzean ere haiekin hartu-emanean izango direla azaldu zuten.

Mamitutako bidea
Kunkana ez da hutsetik sortu. Landutako bidea du, parte hartzea eta konpromisoa ardatz. Iratzerri Lezoko Ingurumen Elkartearen kontzientziazio, informazio eta formazio lana dago atzetik, urtetakoa. 2024an, Lezoko Udalarekin hitzarmena sinatu zuen Iratzerrik herrian energia komunitatea osatzeko bidea errazteko. Horren ondotik, eta Goienerren gidaritzapean, herritarrak ahalduntzeko prozesu parte hartzaile bati ekin zitzaion; prozesu horretan irmo azaldu zen Lezon energia komunitatea osatzeko aukera eta beharra.
Aspektu sozial, ekonomiko, juridiko eta teknikoak aztertu ondoren, komunitateari kooperatiba izaera ematea erabaki zuten, eta aurtengo udan sortu zuten ofizialki Kunkana. Beraz, behetik goranzko bidea egin du proiektuak, parte hartzean eta elkarlanean oinarrituta.
Larrialdi ekologikoaren testuinguruan, klima-aldaketaren ondorioak eta energia menpekotasuna gero eta nabariagoak direla kezkatuta hasi zen lezoar talde bat Iratzerrin ekiten, Kunkanaren sorburu izan den eragilean, alegia. Euskal Herriko zenbait txokotan egin bezala, Lezon ere energia berriztagarrien komunitatea sortzeko zereginean izan da lezoar talde hori, energia burujabetzaren bidean urratsak egiteko. Energia garbia eta bertakoa sortzea dute asmo, kontsumitzaileak pasibo izatetik, ekoizle eta kontsumitzaile izatera pasatzeko.
