Eusko Jaurlaritzak Pasaiako portuaren jabetza eskatu du
Espainiako Gobernuari egin dio jabetzaren nahiz kudeaketaren eskualdaketa eskaera. Hori Errege Dekretu batekin egin daitekeela uste du Gasteizek.
Eusko Jaurlaritzak Pasaiako portuaren jabetza eta kudeaketa nahi ditu. Espainiako Gobernuari eskatu dio estatuaren interes orokorreko izendapena kentzea azpiegiturari, “izendapena desklasifikatzea” zehazki, eta Jaurlaritzak hartzea egun Espainiarena den jabetza nahiz kudeaketa. Gaur eman du horren berri Maria Ubarretxena Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu kontseilariak, Gasteizen hedabideekin egin duen informazio-gosarian.
Jaurlaritzak, portukoaz aparte, beste bederatzi proposamen helarazi dizkio Espainiako Gobernuari “1979ko Estatutuko transferentziak ixteko”. Interes orokorreko izendapena ezabatzeko aukeraz ere hitz egin du Ubarretxenak, eta adierazi du Errege Dekretu bidez egin daitekeela jabetza eta kudeaketa eskualdaketa hori, “guretzat Pasaiako portua estrategikoa da”.
Ubarretxenak aipatu du, portua Jaurlaritzaren esku balego, eskualdeko ekonomia eragilearen lehiakortasuna handitu nahiko lukeela, Espainiako Estatuko portuen artean “top 10ean jartzeko”. Jaurlaritzako kideak eman dituen datuen arabera, Espainiako Estatuak kudeatzen dituen 28 portuetatik, 23.ena da Pasaiakoa zama trafikoari dagokionean: “Portuak desklasifikatzeko, eta hartzen dugunean indartzeko baldintzak betetzen ditu”.
