EAJk udal gobernuaren ordenantza fiskalei zuzenketak proposatu dizkio
Jeltzaleek "anbizioz" landu dituzte haien proposamenak, herriaren "beharrak asetzeko" helburuarekin.
Irailaren 30ean aurkeztu zuen Errenteriako udal gobernuak datorren urteko ordenantza fiskalen proposamena, eta orain, EAJk proposamen horri egindako zuzenketak iragarri ditu. “EH Bilduk egindako proposamenari egin dizkiogun zuzenketak hura hobetzeko eta errenteriar familientzat bidezkoagoa, orekatuagoa eta erabilgarriagoa egiteko dira”, adierazi du alderdi jeltzaleak ohar bidez.
Alderdi jeltzalearen ustez, gobernu taldeak egindako proposamenak ez ditu familien beharrak asetzen, eta haiek egindako zuzenketek hori bera konpontzeaz gain, jasangarriagoak eta kohesio sozialaren aldekoak dira. “Ezin dugu karga fiskal guztia familien gainean jarri. Gainera, gaur egungo egoerari buelta emango dioten erabakiak behar ditugu”, esan du jeltzaleen bozeramaile Elixabete Muruak. Orokorrean, anbizio gehiago eskatu dio EAJk gibernukideei.
Jeltzaleek adierazi dute elkarrizketarako prestasun osoa erakusten dutela, eta aurkeztutako zuzenketek soilik EH Bilduren proposamena hobetzea dutela helburu.
Hainbat tasa eta prezio publiko izoztea proposatzen dute jeltzaleek. Etxebizitzetan kokatutako jarduera ekonomikoek IBIaren gainkarga ordaindu ez behar izatea proposatu du EAJk. “Ez zaigu justua iruditzen araututako jarduera bat eskaintzen duen zerbitzu batek hori ordaindu behar izatea”.
Jasangarritasuna fiskalitatetik abiatuta
Zabor tasari dagokionez, edukiontzi marroiaren erabilera jarraituagatik ematen den hobaria %5ean handitzea eskatu dute. “Edukiontziaren erabileraren datuak begiratzen baditugu, azken urteetakoak, ez dira batere onak. Hori aldatzeko, fiskalitatearen bitartez iraungarritasuna sustatu dezakegu”. Uraren tasan ere, aldaketak. Kontsumoaren progresibitatea ezarri nahi dute. Horrek bi helburu ditu: familia zaurgarriei suposatzen dien karga arintzea eta uraren erabilera arduratsua sustatzea.
Hobari berriei begira, jeltzaleek eskatu dute ibilgailu elektrikoentzako karga puntuak jartzeak hobaria izatea, eta berdina babes publikoko etxebizitzetan egiten diren obrekin. “Azkenik, prezio publikoei dagokienez, formakuntza ezberdinak ematen dituzten eskoletako, gazteen aisialdi jardueretako eta kiroldegiko prezioak izoztea”. Horren helburua familiek hezkuntza, kultura eta aisialdi jardueretan parte hartzea da, eta osasun eta ongizate fisikoa bultzatzea, beti ere familien egoera ekonomikoa errespetatuz.
