Emakumeen futbolak kolore zuri-gorria du
Pasaia KEk emakumeen taldeak sortu ditu lehen aldiz. Klubak zor historiko bat kitatu du, eta emakumeen futbolaren aldeko apustu irmoa egin du, herrian jokatzeko aukera izan dezaten.
Urrian sartu berritan, martxan dira jada kirol lehiaketa guztiak. Pasaiako kirol taldeak zelaietara eta kantxetara itzuli dira berriro, eta 2025-2026 denboraldia berritasunekin iritsi da herrira, Pasaia Kirol Elkarteak bi emakume talderekin hasi baitu sasoi berria. Pasaia KE 1941ean sortutako futbol taldea da, eta 84 urteko ibilbidean, honakoa da emakumeen taldeak sortzen dituen lehen aldia. Xabi Garagarza Roteta Pasaia Kirol Elkarteko zuzendaritzako kidea eta kanpo harremanen arduraduna da, eta aitortu du «ilusioz» hasi dutela emakumeen proiektua.
Kluba aro berri batean murgildu da. Zuzendaritzan aldaketa mordoa izan dira aurten, eta kide berri asko sartu dira, klub osoari «astindu» bat emateko helburuarekin. Zuzendaritza berria aurreko astean onartu zuen asanbladak, baina maiatzean hasi ziren etorkizuna irudikatzen. Zuzendaritza berriak Pasaia KEren gidaritza hartu zuenean, ildo estrategikoak lantzen hasi zirela jakinarazi du Garagarzak. Lanketa hori bi zutaberen arabera eraiki zuten: berdintasuna eta euskara. Berdintasunaren esparruan, emakumeen taldeak sortzeko beharra ikusi zuten hasiera-hasieratik, eta asmo hori errealitate bihurtu da, klubak lehen aldiz emakumeen bi talde egonkor sortu baititu: senior taldea Gipuzkoako Gorengo Erregional Mailan, eta 2013ko Infantil Txikia, futbol zortzikoa.
Pasaiako eta Antxoko emakumeekin «zor historiko» bat zutela onartu du Garagarzak. Klubak zortzi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea osatu du, baina orain arte soilik gizonen futbolaren aldeko apustua egin dute. Irudi hori gizartearen errealitatearekin bat ez datorrela argi zuen zuzendaritzak, eta emakumeen futbolaren aldeko «apustu irmoa» egitea erabaki dute, «konbentzimendu osoz». «Pasaian lehen aldiz emakumeen futbol taldeak atera dira modu egonkorrean, eta guretzat lehentasun bat zen hori. Gizartearen argazki oso bat izango dugu orain, aurrez gizonen taldeak genituelako soilik. Orain arte ez dira emakumeen futbol taldeak modu irmo batean sortu, eta hori ez da gizartearen errealitate bat», adierazi du Garagarzak.
Epe luzera begirako proiektua
Emakumeen proiektua hastapenetan badago ere, klubaren asmoa da epe luzera begirakoa izatea. Klubak argi du bide luzea dutela egiteko, eta helburu behinena proiektua egonkortzea da, Pasaiako emakumeek futbola ere herrian praktikatu ahal izan dezaten. Oraingoa emakumeen alde egin den apustu sendoena da, baina ez da lehen saiakera izan, 2008 urte inguruan denboraldi erdia egin zuen talde bat sortu baitzuen klubak. Oraingoa, baina, ez dute ezerezean gelditzea nahi, eta proiektua egonkortzeko asmoa dute, apustu «serio eta erakargarria» eginez.
Denboraldia bi talderekin hasi dute, baina hurrengo urteetara begira, kopuru hori handitu nahi dute. Momentuz, haurren taldea eta seniorrena dituzte, eta 34 emakume ari dira futbolean Jesus Mari Zamora futbol zelaian. Proiektua, gainera, behetik gora egonkortu nahi dutela baietsi du Garagarzak, eta harrobia lantzeko helburua dutela nabarmendu du zuzendaritzako kideak. Etorkizunean senior taldea elikatu ahal izateko, kluba jakitun da harrobi lana egitea beharrezkoa dela, eta gizonen arloan egin bezala, emakumeen talde gehiago sortu nahi dituzte.
Pasaian emakumeen futbol taldeak ez egotea eragozpen handia izan da herriko emakumeentzat, kirol hori praktikatu nahi zutenek udalerritik at jokatu behar zutelako halabeharrez. Pasaia KEk emakumeak zituen futbol eskolan, baina adin batetik aurrera futbolean aritzeko aukera gabe geratzen zirela azaldu du Garagarzak. Klubak jokalarien ihesaldia ekiditeko konbentzimendu osoa du, eta helburu horrek ere eraman ditu emakumeen taldeak sortzera. «Ingurura begiratzen duzu eta zorionez erabat normalizatuta daude emakumeen futbol taldeak. Talde horiek guregana etortzen ziren eskolan genituen neskez galdetzera. Iruditzen zitzaigun horri irtenbide bat eman behar geniola. Emakume izateagatik kanpora joan behar zara derrigor futbolera jokatzera eta harremanak aldatzera? Herrian aukera baldin badago, goazen hori bideratzera», hausnartu du zuzendaritzako kideak.
Taldeen sorrera
Emakumeen sekzioa ez da ezerezetik sortu. Senior taldeari dagokionean, klubak emakume talde konkretu batera jo zuela adierazi du Garagarzak. Harreman pertsonal batzuk tarteko, klubak jakin zuen 11-12 jokalarik futbolera jokatzeko gogoa zutela. Kluba haiekin elkartu zen, eta plazaratu zien haien laguntza eta parte hartzea ezinbestekoak izango zirela taldea sortzeko, emakumeen futbolarekin esperientzia ez zutelako. Bidelagun nahi zituzten, gauzak behar bezala egiteko. Taldea sortuta, deialdiak egin zituzten jokalariak erakartzeko, eta 22 emakume ari dira talde horretan. Haur gehienak, aldiz, ikastetxe batetik iritsi dira klubera. Futbola praktikatu nahi zuten, eta haiek dira taldearen oinarria. 12 neskek osatzen dute gazteenen taldea, eta gehiago izatea nahiko luke klubak. Orain, oinarrizko kontzeptuak ikasten ari direla jakinarazi du Garagarzak.
Emakumeen sekzioa egonkortzeaz gain, klubaren lehentasuna da Pasaia KEn dauden emakume guztiak «eroso eta babestuta» sentitzea, eta instalazioak jokalari horientzako «espazio seguruak» izatea. Emakumeen futbolak kolore zuri-gorria du Pasaian, eta pauso sendoak ematen hasi da Pasaia Kirol Elkartea.
