Etxez etxeko langileak: "Udalak prekarietatean mantentzera behartzen gaitu"
Hilabeteetako negoziazioen eta elkarrizketen ondoren, udalak hobekuntzarik gabeko plegua aterako duela esan zien zerbitzua ematen duten langileei iraileko osoko bilkuran.
Pasaiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek ia 50 egun daramate greba mugagabean. Hilabeteetako negoziazioen, elkarrizketen eta langileak prekarietatetik ateratzeko promesaren ondoren, Pasaiako Udalak hobekuntzarik gabeko plegua aterako duela esan zien zerbitzua ematen duten langileei iraileko osoko bilkuran. Hori dela eta, udalak etxez etxeko langileak “prekarietatean mantentzera behartzen” dituela adierazi dute langileek. Bizi duten egoera salatzeko, manifestazio zaratatsua egin dute gaur Donibanen, eta udaletxearen aurrean bukatu dute mobilizazioa. Hor, Iratxe Osesek eta Marian Escobedok hartu dute hitza, eta egoera zertan den azaldu dute.
Udalak herritarrei eskaintzen dien Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak publikoa izan beharko lukeela adierazi dute langileek. Publikoa izan ordez, udalak enpresa pribatu bati azpikontratatua dio zerbitzua: Matia Goxara enpresari. Egoera horren ondorioz, emakume langileek “oso baldintza eskasak” dituztela salatu dute, eta “diskriminatuta” daude antzeko zereginak egiten dituzten gainerako langileekin alderatuta. Une honetan, langileen %75ak lan kontratu partzialak ditu, eta udalean lan bera egiten duten langile publikoekin alderatuta, haien soldata arrakala %50ekoa dela jakinarazi dute.
Azken hilabeteetan bilerak egin dituzte udalarekin, eta udal erakundeak lan baldintzak duintzeko borondatea duela agindu zien langileei. Bide horretan, hitzarmena hobetzeko baliabide ekonomikoak ere agindu zizkiela baietsi dute langileek. “Baina, zoritxarrez, hori gauzatzeko erabaki politikoak hartu behar direnean, dena kea dela egiaztatu ahal izan dugu”.
Langileek adierazi dute “onartezina” dela zerbitzua emateko ardura duen udalak zerbitzu hori kudeatzeko lehiaketa bat argitaratzea, “diskriminazio eta prekarietate egoera iraunaraziz”. “Argi dago, zaintza esparrua enpresa pribatuen eskuetan utzirik, zerbitzuaren kalitatea kaltetzen dela, eta langileen lan baldintzak okertzen direla”, esan dute.
Udalak hartutako azken erabakiaren harira, langileek salatu dute “prekarietatean jarraitzera eta diskriminazio egoera batean mantentzera kondenatzen” dituela, eta genero arrakala “betikotzen” duela.
“Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileok soldata prekarioa kobratzen jarraituko dugu, 2025ean ez dugu ordainsari igoerarik izango eta ez ditugu gure lan baldintzak hobetuko. Hori da errealitatea, udalak hartutako erabakiaren ondorio zuzena. Genero arrakala areagotzeko erabakia hartu du”, adierazi dute langileek.
Langileen eskakizuna argia da: “Udalak beregain har dezala zerbitzu hori ematean dagokion erantzukizuna eta jar ditzala gure lan baldintzak duintzeko behar diren bitartekoak. Har ditzala dagozkion erabaki politikoak, enpresen etekinen logikatik ateratzeko eta zaintza erdigunean jarriz, zerbitzuaren publifikazio bidean. Ez digute balio zainketen sektore feminizatuko langileok pairatzen dugun prekarietate egoera iragartzeko esloganak. Egoera hau ezabatuko duten erabaki politikoak eskatzen ditugu”.
Aurrez aipatu bezala, langileek ia 50 egun daramate greba mugagabean, eta argi esan dute horrela jarraituko dutela aldarrikapenak lortu eta lan eta bizi baldintzak prekarietatetik ateratzea lortu arte.
Ondorengo bideoa Ximun Leturia Letek egin du.
