"Toki guztietan nintzenaren sentsazioa izan nuen"
Larunbateko Antzerki Testu Laburren Lehiaketako finalean maiz aipatu zituzten aurkezleek lezoarraren izen-abizenak. Antzezle izan zen, haren testuaren irakurketaz gozatu zuen, eta irabazle izan zen.
Antzerki eszena du Lezok. Orratx!, Gezalako programazioa, Lezo Eszena egitasmoa… Azken horren harira, Lezoko III. Antzerki Testu Laburren Lehiaketaren finala edo Partida izan zen larunbatean Herri Eskolako jolastokian. Jurgi Sarasola Artola (Lezo, 2006) hiru arrazoigatik izan zen gaueko izar: finalista ziren sei testuetako biren irakurketa dramatizatua egin zuen aktore bezala; hark lehiaketara aurkeztutako lana finalisten artean zen; eta gainera, antzeztu zuen testuetako bat izan zen lehiaketaren irabazle.
Larunbata. Lezoko III. Antzerki Laburren Lehiaketaren finala edo Partida. Protagonistetakoa izan zinen aktore bezala, eta gainera, zuk aurkeztutako testua sei finalistetakoa zen.
Oso nekatua bukatu nuen larunbatean. Egun osoan izan nintzen gauza horietan pentsatzen. Dena bukatu nuenean lasaitu ederra hartu nuen. Baina aldi berean poztasun sentsazio izugarriarekin bukatu nuen. Oraindik ere larunbatekoaz [asteartean egin zen elkarrizketa hau] errekuperatzen ari naiz.
Sei testu finalista ziren, eta biren irakurketa egin nuen. Irabazle atera zenarena bat [Markos Goikolearen Destiny Driver], Xanti Agirrezabalarekin batera eta Iñaki Rikarteren zuzendaritzapean; eta bestean Miren Gojenolarekin egin nuen irakurketa dramatizatua, Rikarte zela berriro zuzendari.
Bi irakurketa dramatizatuak prestatzeko denbora tarte oso laburra izan zenuten. Zer nolako larritasuna, ezta?
Ordu eta erdiko tartea izan genuen testu bakoitza prestatzeko. Ez genekien zer testu egokituko zitzaigun, nork zuzenduko gintuen… Beraz, ezin genuen ezer prestatu aurretik. Eta gainera, dena hemen herrian izan zen. Banekien ama, familia eta lankideren bat hurbiltzekoa zela, eta horrek ere presio pixka bat sorrarazi zidan. Dena 23:00ak aldera bukatu zen [19:30ean hasi zen Partida], eta ordura arte tentsio betean izan nintzen.
Lehiaketara aurkeztu zenuen testua ere larunbateko finaleko seien artean zegoen. Pozgarria, ezta?
Iaz ere aurkeztu nuen testua lehiaketara, baina ez zen finalista gelditu. Aurten bai. Hika Teatrotik klasean nintzela deitu zidaten nire testua finalista zela esateko, eta ezin izan nuen hartu telefonoa. «Ai, kaka!», esan nuen. Baina deia itzuli, nire testua finalisten artean zela esan, eta berehalakoan amari eta Lierni Fresnedori [Orratx! Antzerki Taldearen zuzendaria da] deitu nien, orroka. Gainera, ordurako banekien larunbatekoaren aktoreen taldean nengoela, eta toki guztietan nintzenaren sentsazioa ere izan nuen une batez.
Zer sentitu zenuen zure testuaren irakurketa dramatizatua egin zutenean?
Egia esan, nire imajinarioan nuenaren oso antzekoa izan zen irakurketa. Miren Gojenolak eta Ane Sarasuak irakurri zuten. Oso pozik entzun nuen, gustura gelditu nintzen. Testuaren izenburua deigarria da, Zure laguna hil. Zure lagunak hiltzeaz doa antzerki testu labur hori, depresioa gai bezala hartuta. Komedia tragikotik landu dut testu hori.
Gaztea zara, baina ez zara berria antzerkigintzan. Orratx!-en ibilitakoa zara, eta orain Donostian ari zara antzerki ikasketekin.
Orratx! Txikin egondakoa naiz, eta azken bi ikasturteak Orratx!-en talde nagusian izan naiz. Orain Donostian ere nabil antzerki ikasketa profesionalagoekin. Bi arloak mantendu nahi ditut: profesional izan nahiko nuke, baina alde amateurra ere ez dut albo batera utzi nahi.
Antzerkigintzako profesional izan nahi duzula aipatu duzu. Baina, oso zaila al da hori?
Bai, zaila da. Hori badakit. Baina ahal den heinean bidea egin nahiko nuke, lanak ateratzen bazaizkit hartuko ditut. Baina esandakoa: alde amateurra ez dut albora utzi nahi.
Lezo, antzerkiari dagokionez, inguru aproposa da. Orratx! Antzerki taldea, Gezalako programazioa, Lezo Eszenaren barruko denak…
Bai, herrian, egia esan, arte eszenikoekin orokorrean badago interesa. Harro nago horrekin. Garrantzitsua iruditzen zait bai aktore zein sortzaile bezala besteek zer egiten duten ikustea.
Normalean antzerki testuak idazten al dituzu?
Idazten saiatzen naiz. Gairen bat landu nahi dudanean batez ere antzerkia idazten dut. Iaz egin bezala, aurtengo Gau Beltzerako ere zerbait idatzi dut Orratx!-entzat. Gustuko dut idaztea.
Zer gustatuko litzaizuke noizbait antzeztea?
Gaiztoren baten papera egitea gustatuko litzaidake, Kamikaze konpainiak egiten duenaren antzeko zerbait, oso koloretsua, handia, deigarria…
Norekin?
Aitziber Garmendiarekin edo Xanti Agirrezabalekin gustura egingo nuke lan.
Zer esaten dizute etxean?
Oso pozik daude. Lehengoan, larunbatean, oso ondo ikusi ninduela esan zidan amak. Egia da badaezpada ere beste zerbait ikasteko esaten didatela, arkitekto ikasketak egiten ari naiz.
Hemendik aurrera, zer?
Formazioarekin jarraituko dut, eta ahal den heinean honetatik bizitzen saiatuko naiz. Ez dakit noraino izango den posible, baina ikasketekin, formazioarekin eta saiatzen jarraituko dut. Egin berri dudan testua beste lehiaketetara ere aurkeztuko dut, eta ea horrekin muntaiaren bat egiteko aukera dudan.
