Familiei zuzendutako formakuntza saioak emango ditu udalak
Seme alaben heziketan gurasoek izaten dituzten kezkak beste familiekin elkarbanatzea da saioen helburua. Hezitzaile adituek gidatuko dituzte.
Errenteriako Udalak familiei zuzendutako formakuntza saio ireki zein doakoak eskainiko ditu ikasturtean zehar seme alaben heziketan izaten diren kezka eta zalantzak beste familiekin elkarbanatzeko. Aurtengoan, bi programa abiatuko dituzte: Familian Hezi eta TREBA formakuntza saioak.
Familian Heziren kasuan, hiru zerbitzu berezi dituzte: saio monografikoak, familia taldeak eta bakarkako arreta. Hona hemen xehetasunak:
Saio monografikoak: Haur eta gazteen hezkuntzari lotutako gai zehatzak lantzeko saioak dira, eta guraso zein heldu erreferenteei zuzenduta daude. Adin tarteka banatzen dituzte saioak, eta lehen saioetan landuko duten gaia da garapenean bidelagun izatearena eta emozioen kudeaketarako gakoak lortzea. Haur Hezkuntzako gurasoen saioa hilaren 14an izango da, Lehen Hezkuntzakoena hilaren 15ean eta DBHkoena, azkenik, hilaren 16an. Saio guztiak Reina aretoan izango dira, 15:00etatik 16:15era, eta izena eman behar da, hemen.
Familia taldeak: Zerbitzu horren helburua ere bada familiak elkartu eta esperientzia pertsonaletatik abiatuta gaiak modu kolektiboan landu eta tresna zein baliabideak lortzea. Hau ere guraso zein heldu erreferenteentzat da.
Jarraian, orduak eta lekua:
- Merkatuzarreko balioanitz gela, 15:00-16:15.
- Hilak 21. Haur Hezkuntza.
- Hilak 22. Lehen Hezkuntza.
- Hilak 23. DBH.
- Azaroak 18. Haur Hezkuntza.
- Azaroak 19. Lehen Hezkuntza.
- Azaroak 20. DBH.
- Abenduak 9. Haur Hezkuntza.
- Abenduak 10. Lehen Hezkuntza.
- Abenduak 11. DBH.
- Beraungo gaztelekua, 15:00-16:16.
- Hilak 28. Haur Hezkuntza.
- Hilak 29. Lehen Hezkuntza.
- Hilak 30. DBH.
- Azaroak 25. Haur Hezkuntza.
- Azaroak 26. Lehen Hezkuntza.
- Azaroak 27. DBH.
- Abenduak 16. Haur hezkuntza.
- Abenduak 17. Lehen Hezkuntza.
- Abenduak 18. DBH.
Saioetan izena eman behar da, hemen.
Bakarkako arreta: Zerbitzu horren bidez familien behar zehatzei erantzungo zaie, betiere modu pertsonalizatuan. Laguntza telefonoz (943 44 96 06), bideo dei bidez edota posta elektronikoz jaso daiteke.
TREBA formakuntza saioak, haatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren Treba Gurasoak prestakuntza eskaintzaren barruan kokatzen dira, eta azaroan bi tailer emango dituzte seme alabak nerabeak dituzten gurasoentzat.
Lehen tailerra Bullying egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu da, eta euskara hutsean izango da, azaroaren 4en. Bigarren tailerra, berriz, Osasun mentala eta nerabeak da, eta azaroaren 18an izango da, gazteleraz. Bi saioak Reina aretoan izango dira, 18:00etatik 19:30era. Izena eman behar da bi kasuetan (ikus estekak).
Aipatutakoaz gain, nerabeentzat saioak ere emango dituzte TREBA nerabeak programaren bidez, eta kasu horretan nerabeak berak izango dira formakuntza jasoko dutenak. Azaroaren 5ean izango da nerabeentzat Fake News tailerra Beraungo gaztelekuan, 17:30ean, eta 12-16 urte arteko gazteentzat da. Horretarako ez da izenik eman behar.
