Sorkuntza koreografikoaren erdigunera bidaia
'Dantzan Bilaka' programaren barruan egositako zazpi sorkuntza prozesuren emaitza amaitu gabea eramango dute Lekuona Fabrikara ostirala eta larunbatean programarako aukeratutako sortzaileek.
Gaur aurkeztu dute Dantzan Bilaka programaren aurkezpen jardunaldia Sorkuntza koreografikoaren epizentroa izango da Lekuona Fabrika asteburuan. Izan ere, Dantzan Bilaka programaren barruan lanean aritu diren zazpi sortzailek euren lana aurkeztuko dute publiko aurrean. Gaur eman dute sorkuntza koreografikoaren aurkezpen jardunaldien berri, Lekuona Fabrikan bertan Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Ana Lopez Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrien zuzendariak; Isaac Palencia Gipzukoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendariak, Maite Gartzia Errenteriako Udaleko Kultura zinegotziak, eta Isaac Erdoiza eta Marina Suarez Dantzan Bilakako batzorde artistikoko kideek.
Lopezek hartu du hitza lehenik eta nabarmen jarri Eusko Jaurlaritza eta ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak elkarlanean “eta konplizitatean” abiatu zutela Dantzan bilaka programa duela hemeretzi urte. Programaren iraunkortasunaren eta arrakastaren gakotzat jo ditu “konplizitate” hori eta “elkarlana”. Programak, sorkuntza koreografikoa bultatzen du, “baita sorkuntzaren logikatik at gelditzen diren aspektuak erdi-erdian jarrita bi arlo: prozesuak eta topaketa”. Programak gainera, hasi berriak diren koreografoak laguntzea duela xede jarri du nabarmen Lopezek. Oraingoan, zazpi sortzaileren lanak izango dira taula gainean ikusteko aukera; horiek, hiru asteko erresidentziak egin dituzte euren lanak ontzeko, Lekuona Fabrikan, Dantzagunean, eta Arabako Lasierra herriko Azala Kreazio Espazioan. Horren harira eskerrak eman ditu Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrien zuzendariak, “espazio horiek gabe, eta horiek kudeatzen dituzten lantalde teknikorik gabe oso zaila litzatekeelako prozesu hauek aurrera ateratzea”.
Ostiral eta larunbatean Lekuona Fabrikan ikusiko diren lanak, zazpi sortzaileren lehen urratsak izango dira, “arreta jarri horien izenekin, ziurrenik, epe laburrean, hizpiderik emango baitute”.
Bertan ariko direnak, honakoak: dpvillanueva; Raira Rosenkjar; Maria Pizarro; Las primas kolektibo—Iratxe Bilbao, Iñigo Rementeria eta Leire Sanjurjo—; Claudia Arrue; Alexia Sayago; eta Erain —Loar Labat eta Julia Razquin—. Ez dira haiek presentzialki izan agerraldian, baina bideo bidez bermatu dute haien presentzia gaurko aurkezpenean.
Eskerrak emanez hasi du mintzaldia Otaegik. Izan ere, garrantzitsua da harren esanetan dantza sustatzea helburu duen programa baten geltoki izatea Errenteria-Orereta: “Herri gutzietan nahi dugu kultura gure programazioaren parte izan dadin eta herritarrak eskaintza kulturalaren parte izan daitezen, baina, sorkuntza ezinbestekoa da eta sorkuntzari espazioa eta denbora eskaintzea ezinbestekoa da gero erakutsi ahal izateko”. Ildo horretan, udalerriak sorkuntza bultzatzeko apustu estrategikoa duela gaineratu du alkateak, “gure fabrika izaera hori aldarrikatzen dugu, bereziki diziplinen artean esango nuke dantza badela diziplina kuttuna Errenteriarentzat, eta daukagun ekosistema, bai azpiegiturek zein eragileek osatzen dutena, noski sorkuntzara eskainia da. Zentzu horretan beti izango duzue hemen sorkuntzarako herri bat eta espazio eta baliabideak zuen eskuetara”.
Errenteria-Oreretako publikoaren gainean ere mintzatu da, “ikusiko duzue bereziki dela harrera ona egiten duen publikoa dantzari dagokionez, eta ziurrenik publikoaren berotasuna sentituko duzue”.
Dantza bultzatzeko programa sendoenetakotzat jo du Dantzan Biraka Palenciak, “sortzaile berrien ikerketa, akonpainamendu eta hazteko espazioa da eta Dantzagunearentzat plazera da elkarlanean aritzea. Finean horretarako sortu zen Dantzagunea, sorkuntzarako, baina baita, elkarlana saretzeko ere. Hiru urtean behin hitz egiten dugu programa honetaz, urtez urte hazten doana”.
Etengabeko eraldaketan
Etengabe eraldatzen ari den programa dela Dantzan Bilaka azaldu du bere aldetik Erdoziak, “sorkuntza koreografikoaren esperientziak kontrastatu eta prozesuak partekatzeko, Euskal Herriko praktika koreografikoa eta bere ingurua indartzeko asmoz. Elkarrizketa eta entzuketa sustatuko dituen lan testuingurua sortu nahi du programak, eta aukeratutako pertsonen sorkuntza prozesuak bultzatu, lagundu eta ikusaraztea du helburu”.
Ostirala eta larunbatean programan parte hartu duten zazpi artisten euren koreografia sorkuntzen proiektuak partekatuko dituzte publikoarekin, formatu desberdinetan.
Duela lau urtetik Dantzan Bilaka programa diru laguntzaz haragoko laguntza eskaintzen diela sortzaileei azaldu du Suarezek, “entsegurako espazioak, akonpainamendu artistikoa eta adituekin tailerrak antolatzen dira. Horien bidez babes zabalagoa eskaini nahi zaie sorkuntza prozesuan, eta hori bezain garrantzitsua den komunitatea sortu”. Zalantzarik ez du Suarezek, programak, aukera “sendoa” eskaintzen diela sorkuntza koreografikoan ibilbide profesionala hasi nahi dutenei.
Asteburuko emanaldiei begira, ñabardura Erdoziak: ” Ez dira pieza bukatuak, momentu hori erakusteko aukera garrantzitsua ikusten dugu, erakusten duzun hori prozesu bat da eta kanpotik begirada hori edukitzea garrantzitsua da. Jardunaldiak publikoari zabaltzea laguntza bat da sorkuntza prozesuaren barruan”.
Azkenik gonbita egin dute guztiek, ostirala eta larunbatean, programaren barruan prozesu horiek ematen ari direnarekin gozatzeko, sorkuntza koreografikoaren erdigunera bidaia egiteko, eta zergatik ez, agian, bukatu gabekoak diren pieza horiei ekarpena egiteko.
Dantzan Bilakaren aurkezpen jardunaldiak
Hilak 17, ostirala
- 19:00. dpvillanuevaren Saturbo barra-bas, Oihana Vesgarekin lankidetzan. Koreografia eta testua: dpvillanueva; Interpretazioa: Oihana Vesga; Ahotsa: Marina Pizarro; Iraupena: 24′.
- 19:45. Raira Rosenkjarren Tetas. Kanpo negirada eta soinu teknikaria: Dani Hernandez; Soinu diseinua: Malka Julieta; Atrezzoa: Isabel laurenzo, amanda Quintero; Iraupena: 30′.
- 20:30. Maria Pizarroren Hau terrorea da. Zuzendaritza laguntzailea: Manuel Tejera; Jantziak: Betitxe Saitua; Soinu espazioa: Irene Novoa; Konpainia: Perpetua Vastarda; Iraupena: 30′.
Hilak 18, larunbata
- 18:00. Las primas kolektiboaren—Iratxe Bilbao, Iñigo Rementeria, Leire Sanjurjo— Apachurre. Iraupena: 25′.
- 18:45. Claudia Arrueren Baimenik Gabe. Interpretazioa: Claudia Arrue Barrios, Claudia Simon Cardeñoso; Musika Zuzenean: Claudia Simon Cardeñoso; Kanpo begiraleak: Sasha Arratibel, Paula Joffre; Jantziak: Manuela Punch Centeno; Iraupena: 30′.
- 19:45. Alexia Sayagoren Erain, Cursiva, Bi. Eszenografia: Alexia Sayago; Soinua: Gabi Pedrosa; Iraupena: 30′.
- Erainen —Ioar Labat eta Julia Razquin— Zer dira bi egun? Iraupena: 20′.
