Arramendiko bizitegiko familientzako behin betiko irtenbide bat eskatu du PSE-EEk
Denis Itxaso Etxebizitza sailburuarekin bildu dira eta babestutako etxebizitzak eraikitzea aukera berrien azterketa egitea proposatu diote.
Itxaso, Palencia eta de La Torrerekin.PSE-EE Etxebizitza sailburu Denis Itxasorekin bilera egin dute Isaac Palencia eta Almudena de La Torre PSE-EEko zinegotziek. Arramendi pasealekuko bizitegiko familiei behin betikoa izango den irtenbidea emateko eskatu diote Itxasori, eta halaber, babestutako etxebizitza eskaintza handitzea ezinbestekoa dela Errenteria-Oreretarentzat esan diote. Prentsa ohar bidez eman du Errenteriako alderdi sozialistak bileraren berri, eta horren helburua udalerriaren etxebizitza egoera aztertzea eta aterabideak aurkitzea dela azaldu du.
“Arramendi pasealekuko familiek hiru urte daramate etxebizitzen etorkizunaren gaineko ezjakintasunarekin. Denbora horretan guztian Etxebizitza sailak egoera konpontzeko egin duen lanketa eskertu behar dugu, eta orain behin betiko aterabide bat behar dute”, azaldu dute bi zinegotziek. Bileran, bestalde, udalerriko etxebizitzen egoera mahai gainean jarri zutela azaldu dute, “larria izaten jarraitzen du, alokairuaren prezio altuarengatik eta dagoen etxebizitza eskasiarengatik”. Hori horrela babestutako etxebizitza parkea handitzea “ezinbestekoa” jo dute, baita garapen urbanistiko berriak sustatzea ere.
Hainbat proposamen mahai gainean jarri zituztela gaineratu dute PSE-EEko bi ordezkariek: “Topoko garaje zaharren orubean babestutako etxebizitza eraikitzea, eta udalerriko beste eremu batzuk ere aztertu dira”.
Itxasok Errenteriarekin “erakutsi duen konpromisoa” nabarmen jarri du Palenciak, “eskertzekoa da, baita etxebizitza politikari ematen ari den bultzada ere”.
