'Laurak Bat dira' irudia izango da udal egutegiko azala
Xanti Esnaola antxotarrak irabazi du Laurak Batek eta Pasaiako Udalak antolatzen duten argazki lehiaketa, eta berea izango da 2026ko udal egutegiaren azala.
Iraila hasieran Laurak Bat Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak eta Pasaiako Udalak argazki lehiaketa bat antolatu zuten 2026ko udal egutegiaren azala aukeratzeko. Lehiaketak badu irabazlea: Xanti Esnaola antxotarraren Laurak Bat dira argazkia gailendu da denen artean, eta bere irudia izango da datorren urteko udal egutegiaren azala.
Udalak adierazi du dozenaka argazki jaso zituztela. Horien artean, epaimahaiak lau barrutietako eta bertako biztanleen eguneroko bizitza islatzen duen argazki onena hautatu du. Esnaolaren argazkian lau barrutiak ageri dira.
Irabazleak 500 euroko saria jasoko du erosketa txarteletan, eta Laurak Bati lotutako edozein establezimendutan erabili ahal izango ditu.
