Antzerkiarekin amets egiteko hiru egun Lezon
Antzerki Ametsetan antzerkigintza amateurraren jardunaldiak bigarrenez egingo dute Lezon. Lehen bi emanaldiak, larunbatean.
Larunbatean izango da Antxoko Anakrusaren emanaldia. Antzerki Ametsetan antzerkigintza amateurraren jardunaldiak egingo dituzte berriz ere herrian. Hiru egunetan banatuta, inguruko eta herrialdeko lau taldek euren sorkuntzak ekarriko dituzte Gurutze Santuaren plazara, eta Gezala Auditoriumera. Lehen bi emanaldiak hilaren 18an (larunbata) izango dira, eta datozenak 25ean eta 26an. Bigarren urtea du Antzerki Ametsetan-ek. Saioak aurretik girotzeko, The Bedbreakers taldeak bere musika jarriko du.
Larunbat honetako saioak bat kalekoa eta bestea antzokikoa izango da. Lehenik eta behin, bermutaren orduan (13:00) Antxoko Anakrusa taldeko kideek Kalma ikuskizuna egingo dute Gurutze Santuaren plazan. Arratsaldean (19:30), berriz, Alegitik etorriko dira aktore amateurrak herrira, Gezalan Argi dago antzezlana eskainiko baitu Intxurre antzerki taldeak.
Larunbatekoak bukatuta, datorren asteburuari begira jartzeko unea iritsiko da antzerkiaren ametsei eusteko. Izan ere, hilaren 25ean (larunbata) Berrobiko Txalo-Talo taldeak klasiko bat ekarriko du herrira, Kutsidazu bidea, Ixabel; 19:30ean hasiko da saio hori. Hurrengo egunean (hilaren 26an), berriz, hurbileko talde baten txanda: Oiartzungo Txinalkak Gaizki ulertuak obra ekarriko du Gezalara (19:30).
Gezalako saio bakoitzaren prezioa 5 eurokoa da. Ziklo osorako bonua hartuz gero, antzerkiaz gozatzeko aukera 10 eurokoa izango da.
