750.000 euro, Europatik Lezora
Europako EGEF edo FEDER funtsetik iritsiko da laguntza hori herrira, Oarsoaldeko lau udalen eskaera onartua izan delako.
Lezoko Udaleko gobernu taldeko kideak. Lezoko Udalak 750.000 euro inguru jasoko ditu Europatik. Zehazki, Europako Garapen Eskualdeko Funtsetik (EGEF) iritsiko da dirutza hori herrira, Oarsoaldeko lau udalek egindako eskaeraren araberakoa. Horren arabera, lau udalerrietara 5,4 milioi inguru iritsiko dira; Gipuzkoatik aurkeztu diren eskaeren artean Oarsoaldekoa izan da onartu den bakarra.
Udal gobernuak baikor baloratu du jasotakoa: “Lezon eraldaketa positiboa izango duten aldaketak egiteko baliabide garrantzitsua izango da diru laguntza hau. Izan ere, Lezok kudeatuko dituen lan guztiek 2 milioitik gorako aurrekontua izango dute EGEF funtsetik, horien aurrekontuaren %35 inguru. Kudeaketa egokiaren emaitza izan da onarpena”. Hori horrela, Europatik iritsitakoa jada proiektatuak dauden egitasmo horiek laguntzeko izango da, “hobekuntza lan handiak egin ahal izango ditugu, herri eroso eta bizigarriago bat lortzeko estrategiaren barrukoak, eta legealdi planean jasotakoak”. Gainera, eskualde dimentsioa du Europak finantzatuko duen egitasmo sortak, eta horri balioa eman dio gobernu taldeak nahiz eta horrek “esfortzu eta baliabide gehiago” eskatu.
Europako laguntzarekin finantzatuko diren egitasmoak hiru ildotakoak dira: irisgarritasuna, eremu publikoen eraberritzea, eta gizarte inklusioa.
Lehen atalari dagokionez, gobernu taldeak zehaztu du Jaizkibel hiribidearen birsorkuntzan eta irisgarritasunean jarriko dituztela indarrak, “bizigarriagoa izan dadin, mugikortasuna bultzatu, eta oinezkoentzat espazio seguru eta atseginak sortzeko”. Horrela, espazioa bera birplanteatzeko 858.121 euro bideratuko ditu udalak, horien zati bat, esan bezala, Europak lagunduko duelarik.
Eremu publikoari ere arreta jarriko dio gobernu taldeak, “herria atseginagoa eta bizigarriagoa” bihurtzeko bidean natur guneak egokituz. Aralar kalea birnaturalizatzeko egitasmoari bultzada emateko baliatuko dute Europatik etorritako dirua, baita Altamirako parkea eta anfiteatroa zein ingurua egokitzeko ere. Lan horien aurrekontu osoa 404.417 eurokoa da.
Planaren beste puntu garrantzitsuenetako bat gizarte inklusiorako baliabideak sortzea da, gobernu taldearen arabera. Horregatik, Oiartzungo eta Pasaiako udalekin batera, Lezoko Udalak bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako eguneko zentro bat sortuko du, gunea egokitzeko aurrekontua 594.442 eurokoa delarik.
