"Jarrai dezagun Palestinaz hitz egiten"
Atzoko Palestinaren babeserako egunaren harira, manifestazio jendetsua egin zuten atzo arratsean lezoarrek.
Atzo, urriak 15, Palestinaren babeserako eguna. Goizean lanuzteak izan ziren, eta arratsaldean mobilizazioak herrietan. Lezokoa Gernika-Palestina Herri Ekimenaren iniziatibaz egin zen. Hasiera batez elkarretaratze formatua pentsatua bazegoen ere, jende asko-askok deialdiarekin bat egin zuela ikusita manifestazioa egin zuten herritik. Isila. Gernika-Palestinarako Jon Maiak egindako olerkiak zabaldu zuen martxa.
Gurutze Santuaren plazan hasi eta bukatu zen manifestazioa. Behin herriaren erdigunean, Chaimae palestinarrak megafonoa hartu zuen. Saleh Aljafarawi kazetariaren hilketa salatu, eta hark egindako lana aitortu zuen publikoki. Hilaren 12an bahitu eta hil zuen Israelen aldeko milizia batek. 70.000 dira Israelek han hildakoak, eta su-eten aroan izanda ere, Israelek hango pertsonak hiltzen jarraitzen duela azaldu zuten plazan.
Ondoren Gernika-Palestinaren irakurketa zabaldu zuten zabalgunean ziren dozenaka eta dozenaka lezoarren aurrera. “Harri, hauts, hutsa, tranpa eta malkoei aurre egiteko urgentziazko neurriak aplikatu behar dira Palestinan”. Hango hondakinak, genozidio baten frogak besterik ez direla azaldu zuten, “etxera itzultzea, etxe arrastorik gabe. Herri nekaezinaren metafora”.
Nazioarteko komunitatean jarri zuten fokua: “Nola liteke XXI. mendean halako inpunitate sadikoa? Nork bermatuko die palestinarrei etxe birrinduetara itzultzeko eta berreraikitzeko eskubidea? Palestinak libre izateko duen eskubidea errespetatzen dela bermatu behar du munduak”. Azken egunetako bake akordioarekin genozidioa ez dela bukatuko azaldu zuten.
Aurrera begira, Palestina babesten jarraitu behar dela azaldu zuten atzokoan, “gure indar xume eta duin guztiarekin. Palestinaz hitz egiten jarrai dezagun”. Baita eskaera garbia egin ere: “Israel isolatu behar dugu”.
Ondoko esteka honetan klik eginez gero Gernika-Palestinaren irakurketa osoa jaitsi daiteke (PDF artxiboa da). Behean, atzoko Lezoko mobilizazioaren irudiak eta bideoa.
