Musika eta arrauna eskutik, igandean
'Hibaika Arraun Elkartearen omenez' emanaldia egingo du EMKEren Musika bandak. Bi eragileen elkarlanaren bidez arraun elkarteak inauguratu berri dituen instalazioak herritarrei ezagutaraztea dute helburu, musikaren bidez.
Mazizior, Nogueira, Mitxelena eta Gartzia gaurko agerraldian, Hibaikaren instalazio berrian. Musika eta arrauna eskutik helduta, emanaldi berezia eskainiko du EMKEren Musika Bandak igandean Iztieta pasealekuan. Gaur aurkeztu dute emanaldi hori Aitor Mitxelena bandako zuzendariak, Iñaki Nogueira Hibaikako ordezkariak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Leire Mazizior Kirol zinegotziak. Emanaldiaren atzean bi eragileen arteko elkarlana, Hibaika Arraun Elkartea eta Musika Bandarena eta Hibaika Arraun Elkartearen Omenez emanaldiaren helburua berriz, arraun elkartea omentzea aurten egin duen denboraldi bikainarengatik, eta inauguratu berri duen instalazioa musikaren bidez herritarrei ezagutaraztea.
Errenteria-Oreretako beste eragileekin elkarlan sareak josten saiatzen dela etengabe Musika Banda esan du Mitxelenak, “musika taldeak izan, kirol taldeak izan… eta aurten Hibaikak hain denboraldi ona eginda eta instalazio berria duenez otu zitzaigun elkartearen omenez emanaldia egitea, eta horretarako banda hona ekartzea, Hibaikaren ingurunera. Horren bidez, jendea ere erakarri nahi dugu arraunera. Hibaikak banda ezagutu eta bandak arraun elkartea ezagutzea ere badugu helburu”. Finean sarea josi nahi dute herriko eragileekin eta hau beste urrats bat da bide horretan.
Kontzertua igandean izango da, hilaren 19an, 12.30ean Iztieta Pasealekuan Hibaika parean; eguraldiak lagunduko ez balu, Hibaikaren instalazio berriaren barruan egingo lukete.
Itsasoari begira jarriko da banda emanaldi berezi horretan, eta horrenbestez, Deba, eta Ondarroako hainbat kantu joko dituzte. Herriko beste eragile bat ere inplikatu dute ekitaldian gainera, Xenpelar Bertso Eskola. Bertako bertsolari eta Hibaikako arraunlari ere baden Jare Antzizarrek zabalduko du kontzertua, eta emanaldian zehar Aitor Albistur bertsolari oreretarrak bertso musikatu bereziarekin osatuko du kontzertua. Ikuskizun borobila, beraz, igandekoa.
Kontzertua bukatzeko Queen eta The Blues Brothers taldeen hainbat doinu joko dituzte.
Eskerrak eman dizkio musika bandari Nogueirak, “antolatu duzuen emanaldi bereziarengatik. Guk gure aldetik ateak zabalduko ditugu eragile, norbanako eta elkarteek ezagutu dezaten baita arrauna ere”. Igandeko emanaldia gainera, urtean zehar kategoria ezberdinetan irabazitako bandera eta garaikurrak erakusteko baliatuko du arraun elkarteak, “bateletatik seniorretara lortutako garaipenen ikurrak klubetik kalera aterako ditugu, bateletan irabazitako Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetako garaikurrak, eta aurten denboraldi bikaina egin duten Senior Mutilek irabazi dituzten hiru banderak”.
Gartziak ere eskerrak eman dizkio EMKEri herrian egiten duen lana “baita beste eragileekin egiten duten elkarlana. Sarea zabaltzen duzue eta herriarentzat onuragarria da”. Hibaikari ere eskerrak eman dizkio egiten duen lanarengatik Kultura zinegotziak, eta herritarrak, berriz, emanaldira bertaratzera deitu ditu, “kontzertua entzutera, baina baita herrian ditugun instalazioak eta kirol aukerak bertatik bertara ezagutzera”. bukatzeko berriro jarri du nabarmen Musika Bandaren lana, “herrian izugarrizko altxorra dugu, musika banda”.
Bide beretik mintzatu da Mazizior. Kirol zinegotziak jarduera “ikaragarri interesgarria” izango dela esan du, “eragile ezberdinak eta diziplina ezberdinak uztartzen dituelako, herria kohesionatzen eta komunitatea sortzen laguntzen duelako. Txalotzekoa da eta beraz, eskerrik asko, horrelako gauza politak egiteagatik”.
