ASTEKLIMAra batuko da Pasaia
Klima aldaketaren aurrean mobilizatzea eta trantsizio energetikoan aurrera egitea xede dituen egitasmoaren harira, hainbat jarduera egingo dituzte.
Iraitz Pazos zinegotzia, ASTEKLIMAren programazioarekin. Gaur hasiko da ASTEKLIMA. Euskal Autonomia Erkidego mailan seigarren aldiz egiten den egitasmoa da, klima aldaketaren aurrean mobilizatzea eta trantsizio energetikoan aurrera egitea xede dituena. Gaurtik urriaren 26ra izango da, eta aurten, Pasaiako Udalak bat egin du egitasmoarekin.
Horren harira, hainbat jarduera egingo dituzte:
-
Urriaren 17an, 17:30ean, Pasai Antxoko Kultur Etxean, ipuin kontalaria izango da. Lurrari bira ematea ahaztu zitzaionekoa izeneko ipuinarekin arituko da. Ipuin horrek klima aldaketak eragiten dituen arazoak azaltzen ditu, haurrek modu erraz eta dibertigarrian ulertzeko moduan.
-
Urriaren 21ean, 11:00etatik 12:30era, Pasai Antxoko Molinao errekan Herriko errekaren egoera ezagutzen tailer praktikoa egingo dute, DBHko ikasleekin batera. Errekan bertan laginak hartu eta landu egingo dituzte, eta hiri inguruetako errekek klima aldaketaren arloan duten garrantzia azpimarratuko dute.
-
Urriaren 22an, 17:30etik 18:15era, Pasai San Pedroko udal liburutegian, beste ipuin kontalari batek eskainiko du kontaketa. Nik maite dut lurra izeneko ipuina kontatuko du. Ipuin horrek mendiak, itsasoak eta animaliak ditu protagonistak, eta klima aldaketaren aurrean naturaren zaintzak orain inoiz baino garrantzia handiagoa duela azpimarratzen du.
-
Urriaren 23an, 17:30etik 19:00etara Pasai Donibaneko Erroteta errekan Herriko errekaren egoera ezagutzen tailer praktikoa errepikatuko dute, haurrei eta familiei irekia.
