Espekulazioak ez ditzan egin zaurgarriago
Egoera zaurgarrian diren pertsonei alokairuzko etxebizitza duinak eskaintzea du helburu Limesek, merkatu preziotik behera. Ibilbide laburra du konpromiso soziala duen etxebizitza agentziak, baina eman ditu lehen uztak.
Ioritz Rasero, Limes etxe agentziako kidea.Imanol Saiz Gomez de Segura Konpromiso soziala duen etxe agentzia da Limes, eta helburua, egoera zaurgarrian dauden herritarrei bizileku duina eskura jartzea du. Hernanin du bulegoa, Ibaiondo poligonoan, eta bertatik herrialde osoari erantzuten dio. Denbora laburra du soinean Limesek, proiektua egi bihurtzeko hilabete luzeko lana badu ere atzean, uztailean hasi baitzuen ibilbidea. Bertan ari da lanean Ioritz Rasero Ortuzar, eta azaldu duenez, edozein herritarrentzat zaila bada alokairuzko etxebizitza aurkitzea, egoera zaurgarrian dauden pertsonentzat are nekezagoa izaten da: «Zabalduz kooperatiba barruko proiektua da Limes. Batez ere egoera zaurgarrian diren pertsonekin egiten dugu lan bertan, eta ohartu ginen, gurekin prozesua egin ondotik, arazo larriak izaten zituztela etxebizitza aurkitzeko. Behar horri erantzuteko sortu genuen Limes».
Hilabete gutxi baditu ere esperientziak eman ditu lehen fruituak, eta Errenteria-Oreretan izan da. Limesen izena eman zuen familia batek, eta lau urte zeraman etxebizitza bila. Aldundiaren etxebizitza batean ziren, eta aurrez larrialdiko bizileku batean izan ziren. Diru sarrerak badituzten ere, ez zuten alokairurik lortzen, «migranteak direlako eta alaba zutelako. Lege aldaketarekin zaurgarri bilakatu dira adingabeak dituzten familiak: «Etxe kaleratzea atzeratu egiten da kasu horietan bi urtez. Horregatik, etxe jabe askok haurrak dituzten familiei ez diete etxebizitza alokatu nahi izaten». Errenteria-Oreretako bizilagun batek etxea Limesen eskura jarri zuen, eta haiek lau urteko bilaketan ari zen familiari eskaini.
Argi esan du Raserok, «oso etxebizitza gutxi dago, lortu dugun hau Errenteria Erdialdean dago, eta alokairua, merkatu prezioaren azpikoa da». Azken ideia horri azpimarra jarri dio Limesekoak. Izan ere, euren bidez etxea alokairuan jarri nahi duten herritarrek merkatu preziotik behera egin behar dute: «Merkatu prezioa puztuta dago eta espekulazioaren ondorioz da hori. Errenteria-Oreretan alokairu prezioa batez beste 1.026 eurokoa da, eta gure bidez etxea 200 euro merkeago alokatu dute». Jabeek, alokairua nori egin nahi dioten erabakitzeko aukera beti dutela ere azaldu du.
Etxebizitza eta maizterren jarraipena
Limesen bidez alokatzen dutenek ez dute komisiorik ordaintzen, eta gainera, alokatutako etxebizitzaren baldintzen jarraipena egiten du etxe agentziak: «Etxe bila guregana jotzen dutenekin bi eguneko formazioa egiten dugu, alokairuaren barruan dituzten eskubide eta betebeharrak azaltzeko, kontratuaren eta alokairurako diren diru laguntzen gaineko informazioa emateko, eta bilaketa egoki bat egin dezaten. Prozesuak jarraitzen ditugu eta etxebizitza bat gure bidez lortzen dutenean, hiru hilean behin bisita egiten dugu etxera eta argazkiak egin jabeari erakusteko etxea ondo zainduta dagoela». Kontratua sinatzerakoan, baldintza hori onartzen dute maizterrek. Sor daitezkeen matxura eta kalteei erantzuteko, gainera, diru poltsa bat du eskura etxe agentziak. Zalantzarik ez du horrek bermea ematen diela etxe jabeei, eta uste du alokatzera animatzeko arrazoia ere badela. «Gipuzkoan etxebizitza huts ugari dagoela detektatu dugu, eta batez beldurragatik ez dira ateratzen alokairuaren merkatura. Beldur hori uxatu nahi dugu Limesetik; bermatu etxea egoki zainduta izango dela, eta gainera, gure bidez alokatuta, espekulazioaren kontra egiten ari dira ekarpen sozial ikaragarria eginda. Gu uneoro izango gaituzte ondoan».
Etxe jabeek, zein etxe bat alokatu nahi dutenek, galdetegia bete behar dute limes.eus web orrian. Lehentasuna 18 eta 30 urte arteko herritarrek dute, alokairua ordaintzeko diru sarrerak badituztela erakutsi beharko dute, eta bertara jo dezakete DBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edota beste gizarte laguntzak jasotzen dituztenek, «hilero alokairua ordaintzeko diru sarrerak badituztela erakutsi behar dute, baina ez dute kontratu bat behar, eta euren herrietako nortasun agiria izatea nahikoa da».
Lehentasuna gazteek badute ere, 30 urtetik gorako pertsonek ere eman dezakete izena etxe agentzian. Une honetan 30 urtetik beherako 50 lagun daude izena emanda alokairuzko etxea lortzeko, eta adin horretatik gorako 60 lagun, «aukera dute guztiek poltsan egoteko, baina lehentasuna, 30 urtetik beherakoek izango dute». Datu gehiago ere eman ditu Raserok. Hala, etxe eskatzaileen artean %60 gizonak direla azaldu du, eta %40 emakumeak, «emakumeek oro har seme-alabak dituzte, eta gizonek ez; bakarka datoz guregana jotzen duten gizonak». Momentuz eskura duten etxebizitza parkea murritza da; lau etxe jabek jarri dute etxebizitza Limesen eskura, eta epe laburrean, beste hamar etxebizitza izango dituzte, «pixkanaka hortik gora egitea da gure helburua». Ateak ireki zituztenetik egunero ari direla oso egoera zaurgarrian dagoen jendearen deiak jasotzen jarri du nabarmen Limeseko kideak.
Prozesua azkartu
Argi du erakunde publikoetatik heldu beharreko gaia dela etxebizitzarena, baina prozesuen moteltasuna oztopo bilakatzen dela dio Raserok: «Azkenean, administrazioko Bizigune programara etxebizitza bat eramaten baduzu, eskaintzen duten unetik, esleitzen dutenera arte, denbora pila joaten da. Gure kasuan astebetean alokatu dute. Azkenean, ulertzen dugu etxe jabe batek nahi duela ahalik eta azkarren jarri alokairuan, eta maizterrak ere bai».
Eskaerari erantzuteko eskaintza nahikorik ez du, momentuz, konpromiso soziala duen etxe agentziak. Horren jakitun, eskaera egin dieten horiei guztiei merkatu tradizionalean etxebizitza bilatzen laguntzen dietela gaineratu du. «Izan daiteke etxea edo gela. Oreretako gazte bati lagundu diogu gela bat aurkitzen udalerrian bertan. Kasu horietan kontratua legezkoa ote den, edota neurriz kanpoko klausulak ote dituen begiratzen laguntzen diegu. Batzuetan kristoren fidantzak eskatzen dituzte eta jendeak ordaindu egiten ditu, ez dagoelako aukerarik. Legea gauza bat da, eta bestea merkatuaren funtzionamendua».
Testuinguruari erreparatuta, Raserok uste du bide luzea izango duela Limesek, «prezioak beldurgarriak dira gaur-gaurkoz, eta horri muga jarri behar zaio». Etxea alokatu nahi duten jabeak zein bizileku duin baten bila ari diren eta zaurgarriak diren herritarrak Limesekin bat egitera deitu ditu, «funtzio soziala egingo dute lehenek gurera etorrita; bigarrenek, bidezko alokairuak eta bizileku duinak aurkituko dituzte gure eskutik».
