"Guk eta hemen erabaki behar dugu gure etorkizunarentzat estrategikoak diren azpiegituren geroa"
Pasaiako portuaren etorkizunaren gaineko "eztabaida serio eta antolatua" galdegin dute Errenteria, Pasaia eta Lezoko alkateek, eragindako erakunde eta eragile guztien partaidetza bermatuko duena, eta hedabideen fokuetatik kanpo egingo dena.
Mikel Arruti Lezoko alkatea, Teo Alberro Pasaiako alkatea, eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea. Eusko Jaurlaritzak Pasaiako portuaren jabetza eta kudeaketa bere egin nahi dituela jakinarazi zuen pasa den astean, eta Espainiako Gobernuari eskatu zion estatuaren interes orokorreko izendapena kentzea azpiegiturari, “izendapena desklasifikatzea”. Maria Ubarretxena Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu kontseilariak, Gasteizen hedabideekin egin zuen informazio-gosarian eman zuen horren berri hilaren 9an. Ordutik, azken egunetan, eztabaida publikoa zabaldu dute gaiaren gainean Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru aldundiko zenbait agintarik eta gobernu kidek.
Horren aurrean, ohar bateratua egin dute gaur Aizpea Otaegi, Teo Alberro eta Mikel Arrutik, Errenteria-Orereta, Pasaia eta Lezoko alkateek, hurrenez hurren. Gaiaren eta azpiegituraren garrantzia aintzat hartuta, eztabaidak ezin duela “inprobisatua” izan ezta komunikabideetan egin ere adierazi dute eta “eztabaida serio eta antolatua” galdegin dute, eragindako erakunde eta eragile guztien partaidetza bermatuko duena, eta hedabideen fokuetatik kanpo egingo dena, gainera. Argi azaldu dute hiru udalerrietako agintariek: “Guk eta hemen erabaki behar dugu, gure etorkizunarentzat estrategikoak diren azpiegituren geroa nolakoa izatea nahi dugun”.
Pasaiako portua eta bertako jarduera ekonomikoa zein enplegua “sendotzea” gakotzat jo dute hiru alkateek, bai portuarentzat berarentzat zein lurraldearentzat, eta horretarako, funtsezkoa jo dute portuaren modernizazioa zein jardueren eraldaketa: “Ekonomia urdinarekin lotutako jarduera berriak bultzatu behar dira, portuaren eta itsas jardueraren elektrifikazioa sustatu, eta ingurumenarekiko eta inguruarekiko atseginagoak izango diren jarduera ekonomiko berriak sustatu”. Zalantzarik ez dute neurri horiek herritarren eta portuaren arteko elkarbizitza hobetzea eragingo dutela, “portuaren eta eta inguruan bizi diren udalerrietako bizilagunen arteko elkarbizitza badelako bere horretan landu eta posible egin beharreko erronka ere”.
Ildo horretan azaldu dute Portu agintaritzak hartzen dituen erabakiek eragin zuzena dutela inguruko herrietan zein herritarren bizitzan: “Portua ez da soilik jarduera ekonomikoak garatzeko gunea; gure herrien bihotzean dagoen espazio bizia eta partekatua da”. Hori horrela, elkarbizitza “egokia” posible egiteko ezinbestekotzat jo dute erakunde, eragile eta herritarren arteko elkarlana posible egingo duen kudeaketa eredu berri bat, baita erakundeek inbertsio estrategikoak egitea ere portuaren ingurunean.
Ekarpena Pasaialdeko udalerriei
Beste arlo bati ere erreparatu diote Otaegik, Alberrok eta Arrutik. Izan ere, Gipuzkoako poligono industrialik garrantzitsuenetariko bat dela Pasaiako portua esan dute, baina ez duela ohiko poligono industrialek kokatuta dauden udalerrietan zerga bidez egiten duten ekarpenik egiten, “areago, eguneroko bizitzan afekzio garrantzitsuak eragiten ditu,. eta horrek, eskualdeko udalerrien garapena eta ongizatea baldintzatzen ditu”. Interes bereziko azpiegiturekin hori gerta ez dadin Araban, Bizkaian eta Nafarroan izaera bereziko ondasun higiezinen arau aldaketa egin dela azaldu dute, “legeak ahalbidetzen baitu”, eta horrenbestez, Gipuzkoan ere moldaketa hori egitea galdegin dute, “moldaketa egin gabe dago aldundia, Pasaialdeko udalerrion eskaera honen jakitun bada ere”. Hori horrela, “bidezkoa ez den egoerari” irtenbidea emateko neurriak har ditzan eskatu diote aldundiari, “beste lurraldeetan posible dena, Gipuzkoan ere posible izan dadin”, eta bitartean, “konpentsazio mekanismoak” bermatu ditzala.
