Hiri azpiegitura berdearen eta babesleku klimatikoen sarea, urratsak egiten
Udalak hiri azpiegitura berdearen eta babesleku klimatikoen sarearen proiektua abiatu zuen iaz. Udalak herritarrekin osatu nahi du bidea, eta galdetegi bat sortu du haien ekarpenak jasotzeko.
Pasaiako Udalak hiri azpiegitura berdearen eta babesleku klimatikoen sarearen proiektua abiatu zuen iaz. Azpiegitura berdea hiri ingurunean zerbitzu ekosistemikoak eskaintzeko gai diren guneek osatzen dute, klima aldaketaren aurrean udalerria babestu eta erresilienteagoa egiten dutenak: lorategiak, parkeak, berdeguneak, baratzak, zuhaitzak edota baso eremuak. Babesleku klimatikoak, aldiz, klima aldaketaren ondorioz areagotuko diren bero boladetatik herritarrak babesteko guneak dira: udalerriko kanpoaldeko zein barnealdeko gune fresko eta irisgarrien mapa.
Udalak pasaitarren ikuspuntuari garrantzia berezia eman nahi izan dio prozesuan, eta, horretarako, hainbat parte hartze saio egin dituzte udaleko berdintasun mahaiarekin, ikastetxeekin edota adinekoen elkarteekin.
Halaber, pasaitar guztiek aukera izango dute beren iritziak eta ekarpenak galdetegi bidez bidaltzeko. Ekarpenak bidali nahi dituztenek udal webgunean dagoen galdetegia bete ahal izango dute, hilaren 31 baino lehen. Galdetegi horretan proiektuaren inguruko xehetasunak eta irudiak kontsultatu ahal izango direla aurreratu du udalak.
Jasotako ekarpenak aztertu ondoren, babesleku klimatikoen behin betiko sarearen aurkezpena egingo da azaroaren 20an. Tokiaren eta ordutegiaren inguruko zehaztasunak aurrerago emango ditu udalak.
