Zarauzko hilketa matxistari arbuioa Lezon
Lezoko Udalak, Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak, Piztu Lezok eta Gaxuxa Emakume Elkarteak irmo salatu dute hilketa.
Lezoko Udalak, Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak, Piztu Lezok eta Gaxuxa Emakume Elkarteak Euskal Herrian emakume bat hiltzen dutenero abiatzen duten protokoloa abian jarri, eta Zarautzen berriki izan den hilketa matxista irmo arbuiatu dute. “Aho batez adierazi nahi dugu indarkeria matxistaren aurka gaudela eta irmoki gaitzesten dugula gertatutakoa”.
Lezoko eragileek adierazi dute horrelako erasoak ez dituztela onartzen edonon direla ere, “eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”.
Asteazken gauean 53 urteko emakume bat hil zuen gizon batek. Atxilo da hiltzailea. Aurten Euskal Herrian hil duten seigarren emakumea da; Gipuzkoan bigarrena. 2003tik 131 emakume hil dira indarkeria matxistaren eraginez.
