Lezoarren energia herrian sortzeko ahaldundu dira
Kunkana, Lezoko Energia Berriztagarrien Komunitateak bidea hasi du. Bazkide bila ari dira, eta jada bazkide horien onurarako lehen egitasmoa abiatuko dute: Pasaia-Lezo Lizeoaren ikastolako teilatuan panel fotovoltaikoen instalazioa egingo dute.
Elkarlanean eta komunitatean energia berriztagarriekin lotutako proiektuak garatzeko, Kunkana Energia Berriztagarrien Komunitate Kooperatiba sortu dute Lezon. Topalekua izan nahi du, energia garbi eta bertakoa sortuz, herritarrak kontsumitzaile pasibo izatetik prosumitzaile (produktore eta kontsumitzaile) izatera pasatzeko prest daudenen bilgune. Energia kontsumo eta sortze arduratsuaz gainera, gizarte balioak ere baditu Kunkanak: energia efizientziatik harago, pertsona zaurgarrienekin elkartasuna bultzatuko du; eta energiaren banaketa eraginkorragoa, justuagoa, inklusiboagoa, beharretara egokitutakoa izango du bokazio. Energia burujabetza sozialerako jauzia emango du Lezok Kunkanarekin, pertsonak erdigunean jarriz. Jada bertako bazkide izateko bideak zabalik dituzte. Joan den astean aurkeztu zuten egitasmoa herritarren aurrean.
Kunkana Lezoko izendegiko zati da, topaleku kutsukoa. Olatzar, Lopene eta Mikura errekak batu, topo, kunka egiten duten lekua da. «Toponimia lezoar hau berreskuratu eta baliatu dugu, lezoarrok gure energia komunitate propioan bateratzea helburu dugulako».
Aurkezpenaren ondoren jasotako ekarpenaren gaineko gogoeta egin dute Kunkanako Ekaitz Bravok eta Jokin Susperregik. «Asteburuan [astelehenean izan zen Hitza haiekin] mahai-inguruetako gaitxo nagusietako bat izan da Kunkanarena nire inguruan. Uste dut oihartzuna izan duela aurkezpenak, egitasmoaren gaineko galderak egiten herritar dezente etorri zaizkit», azaldu du Bravok. Biek ala biek badakite energia berriztagarrien komunitate baten egitekoa azaltzea ez dela gauza erraza, baina galderak egin, zalantzak argitzeko eskatu, edo proposamenak egin dizkieten herritarrak izan dituztela adierazi dute. «Jendeak oraindik hainbat kontzeptu barneratu behar dituela kontziente gara. Edozertan laguntzeko prest gaude», Bravok.

Jokin Susperregi eta Ekaitz Bravo Kunkanako kideak.
Kunkana ez da hutsetik sortu. Behetik gorako prozesua izan da. Askoz aurretik gaia lantzen hasi zen Iratzerri Lezoko Ingurumen Elkartea, eta 2024an Lezoko Udalarekin nahiz Goienerrekin sinatutako hitzarmenaren harira, herritarrak ahalduntzeko prozesu parte hartzaile bati ekin zitzaion; prozesu horretan irmo azaldu zen Lezon energia komunitatea osatzeko aukera eta beharra. «Oinarri sendo bat egin dugu modu honetara. Oraingoz bazkideen kopurua ez da oso altua [20 ingurukoa da], baina sukaldeko lan horretan jardun dugu oso garbi izan arte zer nahi genuen. Taldera atxiki diren pertsonak oso profil interesgarrikoak dira, hedatze prozesuan asko ikasi dugu, lanketa handia izan da, eta lanketa osoa era parte hartzailean egin dugu», zehaztu du Susperregik.
Proposamen zehatza, eta ahalduntzea
Kunkana aurkeztearekin batera, proposamen zehatza aurkeztu zuten. Pasaia-Lezo Lizeoaren teilatuan 90 panel fotovoltaiko jartzen hasiko dira azaroan, eta hilabete batzuen buruan Kunkanako bazkideei energia emango die iturri horrek; gainera, ikastolaren beharrak erabat aseko ditu instalazioak, eta herriko familia zaurgarrienengana ere iritsiko da energia, doan, Lezoko Udalarekin abiatutako elkarlanari esker. «Hori egiteko aukera izatea bultzada izan da guretzat. Gauzak egingarri direla ikustea garrantzitsua iruditu zitzaigun. Ikastolarekin hasieratik izan dugu harremana, eta haiek bide honetan gauzak garbi dituztenez, prozesuan agertu diren oztopoei aurre egiteko gai izan gara». Aurrerago instalazio gehiago ezartzeko asmoa du Kunkanak, eremu publikoetan nahiz industrialdeetan.
Lezoarren galdera izan daiteke, ea Kunkanako bazkide izanda, hilabeteroko argindarraren faktura merkeago izango den. «Zalantzarik gabe, bai», ebatzi du Bravok: «Baina ulertu behar da aurrezpena, edo merkago izate hori, ez dela magia egiten duten kooperatiba baten ardura. Norberak egiten du magia. Hau da, esku artean zer duzun dakizunean, eta horrek zer kostu suposatzen dizun, une horretan gai zara beharrezko dituzun erabakiak hartzeko. Hori ekonomia aldetik. Baina gizarte honetan dagoen arazo nagusienetakoa da gauzak azkar batean nahi ditugula, ohartu gabe zer uzten dugun kanpoan. Enpresa handien kasuan, orain merke izan daitekeena epe luzera garesti izan daiteke. Guk herritarrak ahaldundu nahi ditugu, eta lor daitezkeen hobekuntzak gure lanaren ondorio izango dira. Hori da irabazirik handiena, herritarrak energiaren gaian ere ahalduntzea».
Izaera sozialekoa da Kunkana. Pertsona zaurgarriak kontuan hartuko ditu. Esaterako, udalaren menpeko eta pertsona zaurgarriak bizi diren etxebizitzetara haien energia iritsiko da. Udalarekin elkarlana egin dute familia horietara heltzeko.
Bazkide izateko bidea zabalik du Lezoko energia garbi eta berriztagarrien komunitateak. Hori egiteko haien webgunera (kunkana.eus) joatea bestetik ez dute interesdunek. Kooperatibak hazi nahi du, baina neurrian, egitasmo iraunkorra baita Kunkana. «Gugana etor daitezela herritarrak. Azalpenak emateko prest eta gogoz gaude». ■
