Udal tasa eta zergen %2,5eko eguneraketa orokorra proposatu du Pasaiako udal gobernuak
Proposamena osatzeko familia zaurgarrienengan arreta jarri dutela adierazi du Teo Alberro alkateak.
Besteak beste, portuari uraren tasa handitu nahi dio udal gobernuak. 2026ko udal zerga eta tasen proposamena landu eta publiko egin du Pasaiako Udaleko gobernu taldeak (EH Bilduk eta Podemosek osatzen dute taldea. Hainbat salbuespenekin, baina igoera orokorra izatea planteatu dute gobernukideek, %2,5ekoa. Udalaren finantzaziorako bide berriak ere planteatu dituzte agirian, gehien dutenek gehiago ordaindu dezaten, eta familia zaurgarrienei begirako neurri zehatzekin. Landutakoa jada oposizioko alderdiei bidali die udal gobernuak.
Salbuespenen artean, hau da, %2,5eko igoera baino handiagoa izan dezaketenak, lau zerga edo tasa dira: Obra eta Instalazioen gaineko Zerga (OIZ); Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ); edota Musika Eskolako zein Euskaltegiko tasak eta prezio publikoak. Igoera horiek “neurritsuak” izango direla ziurtatu du Alberrok, eta inguruko udalerrietan aplikatzen ari diren igoerak baino txikiagoa, “udal gastuen eta diru-sarreren arteko oreka mantentzea dituzte xede igoera horiek, zerbitzu publikoen kalitatea eta iraunkortasuna bermatzeko. Udal zerbitzuek (garbitasuna, mantentze-lanak, gazteria, kultura eta kirol-programak) kalitatezkoak izaten jarrai dezaten, beharrezkoa da eguneraketa arduratsu bat egitea, kostu orokorren igoeraren eta KPIaren bilakaeraren arabera. Horixe da guk egin duguna”.
Finantzaziorako bide berriak ere proposatu dituzte, horien filosofia orokorra delarik gehien dutenek ardura handiagoa izatea udalaren aurreko kontuetan, familia zaurgarrienen hobebeharrerako. Hala, Jarduera Ekonomikoaren gaineko zergaren atalean, urteko milioi eurotik gorako fakturazioa duten sozietate edo enpresek gehiago ordaindu beharko dute. “Udalak erabaki du hurrengo ekitaldian zerga hori eguneratzea, portu-eremuan fakturazio handiena duten enpresek ekarpen handiagoa egin dezaten, ahalmen ekonomiko handiagoaren proportzioan”.
Etxebizitza hutsak izan, eta merkaturatzen ez dituztenei errekarguak ezarriko zaizkie. “Merkatutik kanpo dauden etxebizitzak mobilizatzeko, eskaintzaren eta eskariaren gaineko presioa murrizteko, eta prezioen etengabeko igoera geldiarazten laguntzeko, aurrerantzean zerga honetan %150eko errekargua ezarriko zaie justifikaziorik gabe hutsik dauden etxebizitzei”. Alkateak nabarmendu du erabakiaren helburua ez dela diru gehiago biltzea. “Iaz OHZn onartutako %50eko hobariak osatzea du xede errekargu horrek. Iazko hobari horiei esker, euren etxebizitza hutsa alokairu publikoko programa batean eskuragarri jartzen duten bizilagunek deskontua izango dute zergan. Etxebizitza hutsak merkaturatzea da xedea, ahal dela, alokairuko alternatiba publiko gisa, gehienbat pasaitar gazteen emantzipatzeko aukerak errazteko”.
Finantzazio bide berrien artean, Pasaiako Portuari uraren tasaren zenbatekoa handitzea. Izan ere, alkatearen arabera, edozein jarduera industriali ezartzen zaion tasa ezarriko zaio portuak erabiltzen duen urari. “Izan ere, orain arte kobratu zaien tasa eguneratu gabea eta erabat eskasa da, etxebizitza partikularrei kobratzen zaiena baino merkeagoa”.
Familia zaurgarriak
Gobernukideen asmoa da zaurgarrien diren familiei udal programetan parte hartzeko erraztasunak eskaintzea arlo ekonomikoan. Horrela, familien diru sarrerak eta seme-alaba kopuruari arreta jarriko dio udal erakundeak, adibidez, gazteria programetan parte hartu nahi duten gazteen familiei. “Orain arteko tasen egitura ez zegoen eguneratuta, eta desberdintasun handiak sortzen zituen herriko familien artean. Eguneraketarekin, udal baliabideak era bidezkoagoan erabiltzea proposatzen dugu, benetako beharra duten familiei arnasa emateko eta haur guztiek berdintasunez parte hartu ahal izateko gazteria arloko programetan”, zehaztu du Alberrok: “Familien arteko alde horiek ez ziren ez bidezkoak ez zentzuzkoak. Proposamen berriak familia guztien parte-hartzea eta gazteen inklusioa sustatzen ditu, eta udal politikaren norabide soziala indartzen du: baliabide publikoen erabilera arduratsua, bidezkoa eta gaur egungo egoera sozioekonomikora egokitua”.
