Zarauzko hilketa matxista salatu du udalak
Jendaurrean eta aho batez emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera izango duela adierazi du udalak, eta mobilizazioekin bat egin du.
Pasaiako Udalak Zarautzen gertatutako emakume baten hilketa salatu du. Senitarteko zein gertukoei bere elkartasuna helarazteaz gain, hilketa salatzeko mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin bat egin du udalak.
“Hilketa matxista berri honek gogorarazten digu, beste behin ere, indarkeria matxista dela gure gizartean oraindik ere bizirik dirauen desberdintasun estrukturalaren adierazpenik larrienetakoa. Ez dira kasu isolatuak, baizik eta sistematikoki ematen den indarkeria bat, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa da erakunde, gizarte eragile eta herritarren konpromiso aktiboa”, adierazi du udalak.
Zarautzeko gertakaria dela eta, udalak baietsi du jendaurrean eta aho batez emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera izango duela: “Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen, eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”.
Gauzak horrela, Pasaiako mugimendu feministak deitutako mobilizazio isiletan parte hartzeko deia egin du udalak. Elkarretaratzea gaur (ostirala) izango da, Antxoko Gure Zumardian, 19:30ean.
