'Altxorrak orrien artean' erakusketa zabalik gaurtik, Lekuona Fabrikan
Irakurritako liburuetan ahaztuta utzitako objektuen erakusketa antolatu du udal bibliotekak.
Altxorrak orrien artean erakusketa zabaldu du gaur Lekuona Fabrikako udal bibliotekak 0 solairuan, eta hilaren 31 arte bisitatzeko aukera izango da. Bertara, irakurleek liburuak itzultzerakoan horien orri artean ahaztuta utzitako objektuak bildu ditu bibliotekak, bilduma bitxia sortuta.
Orri markatzaileak, ticketak, argazkiak, postalak, eskuz idatzitako oharrak, edo irakurleek utzitako bestelako aztarnek irakurleen isrtorio isilak gogora ekartzen dituztela erakusketaren bidez esan dute antolatzaileek, “guztiek dute zer kontatu”. Objektu bakoitzak jatorrizko liburuaren fitxa izango du ondoan.
Biblioteken Egunaren harira antolatu du erakusketa udal bibliotekak, irakurketa inguruko harreman pertsonalak eta eguneroko ohiturak ikusarazteko asmoz, “helburua da irudimena eta harridura piztea, baita liburuaren ibilbidearen inguruko gogoeta ere: nola sortzen den batzuetan irakurleen artean, oharkabean, lotura txiki baina esanguratsua”.
Amsterdamen (Herbehereak) egindako indusketa bati buruzko albistea izan zen iniziatibaren inspirazioa azaldu dutenez. Amstel Amsterdan zeharkatzen duen ibaiaren ibilguan 2003 eta 2012 urteen artean aurkitutako 700.000 objektu erakusketa bat egiteko baliatu zituzten, “gauza bera gertatzen da liburuen orrien artean gordetzen diren objektuekin, iraganaren eta irakurketaren arteko lotura isila da, eguneroko bizitzaren oroimen txikia. Liburuen artean gelditzen den memoria hori, liburuaren bidaia kolektiboaren parte bihurtzen da”
