Hibaikako gizonen igoera irudietara eraman du Dani Novas argazkilariak
Ostegunean, hilaren 23an, 19:00etan inauguratuko dute Bite tabernak hilabetez hartuko duen argazki erakusketa.
Hibaikako gizon seniorren trainerua.Dani Novas Denboraldi epikoa egin dute Hibaikako senior gizonek, zituzten helburu denak beteta. Ez dute erraza izan, eta azkeneraino lehiatu dira amestutako igoera lortzeko. Bide horretan egin duten lana, botatako izerdia, esfortzu, neke, zorion eta ilusioa jaso ditu Dani Novas argazkilari oreretarrak bere objektiboarekin.
Argazki horiekin erakusketa ondu du Errenteria-Oreretako Bite tabernan herritar denen eskura jartzeko. Entrenamendu saioak, estropadak, irabazitako banderak… une ezberdinak harrapatu ditu kamerarekin Novasek— Hibaikako lantaldean ari da hura eta elkartearen argazkilaria da— baina batez ere arraunlarien zein prestatzaileen ilusioa. 30x45eko hogei argazkirekin ondu du erakusketa oreretarrak.
Hilabatez izango da Hibaikako senior gizonen erakusketa hori Biten bisitatzeko aukera, ostegun honetan pintxo potearen testuinguruan inauguratuta. Hibaika Arraun elkarteak zein Novasek berak herritar guztiak animatu dituzte gerturatu eta erakusketarekin gozatzera.
Ondoko argazkiak erakusketara bildutako batzuk dira.
