San Pedro, diseinuzko autoen eta esklusiboen epizentro
San Pedroko lonjak diseinuzko autoen eta auto esklusiboen erakusketa jasoko du asteburuan. Orotara, 50 ibilgailu inguru ikusi ahal izango dira.
Hilaren 25ean eta 26an (larunbatean eta igandean), Pasaia motorrarekin lotutako ikuskizunen epizentro izango da, San Pedrok diseinuzko autoen eta auto esklusiboen erakusketa jasoko baitu. Erakusketa Sweetmeet elkartearen ekimenez lurreratuko da San Pedroko lonjan, Pasaiako Udalaren laguntzarekin.
Aitor Brion Kultura eta Ondare zinegotziak adierazi du “tamaina handiko” kultura eta auto ekitaldia izango dela asteburukoa. Orotara, 50 ibilgailu tuneatu inguru ikusi ahal izango dira San Pedron. Miguel Mari Torrea San Pedroko alkateordeak nabarmendu du lonja “erakustoki bikaina” dela mota horretako hitzorduak antolatzeko. Erakusketak motorraren zaleak bilduko ditu San Pedron, eta bisitari horiei garraio publikoz gerturatzeko deia luzatu die Torreak, aparkatzeko zailtasunak saihesteko.
Brionek gaineratu du asteburuko erakusketak Pasaiako kultura eta aisialdi programazioa “indartzen” duela, eta beste urrats bat dela jarduera berritzaileen eta auzokideentzat eta bisitarientzat erakargarri diren jardueren aldeko apustuan. Motorraren zale guztiak eta publiko orokorra gonbidatu ditu San Pedroko hitzordura.
Erakusketa larunbatean 10:00etatik 22:00etara eta igandean 10:00etatik 17:00etara egongo da ikusgai. Igandean, gainera, Sweetmeet elkarteak lau sari banatuko dizkie erakusketako ibilgailu onenei, 15:00etan. Elkarteak autoen prestaketa eta ibilgailuetan egindako lanak baloratuko ditu.
