Udalak ez du kobratuko bertakoen txartelaren urteko mantenu tasa 2026an eta 2027an
Erabaki horren helburua da txartelen izapidetzearen atzerapenei erantzutea eta herritarrak aparkaleku sistema berrira egokitzea erraztea.
Pasaiako udal gobernuak erabaki du 2026ko eta 2027ko ekitaldietan ez duela kobratuko bertakoen aparkaleku sistemaren urteko mantenu tasa. Hala iragarri du Teo Alberro alkateak, eta aparkalekuaren ordenantza berriaren inplementazioaren ezarpenarekin lotutako arrazoiak eta azken berritasunak azaldu ditu.
Txartelen izapidetzen atzerapenari dagokionez, alkateak aitortu du bertakoen txartelak tramitatzeko prozesua “uste baino motelagoa” izaten ari dela. Arrazoien artean, Alberrok adierazi du lehen fasean txartela eskatzeko eskubidea zuten pertsona asko ezarritakoa baino beranduago hasi zirela eskaerak aurkezten, eta horrek atzerapena eragin zuela hurrengo faseetan, modu mailakatuan. Horrez gain, Antxori eragiten dion bigarren fasean eskaerak metatu zirela jakinarazi du alkateak, 2.000 espediente inguru zeudelarik: “Horrek karga administratibo handia ekarri zuen”.
Alberroren hitzetan, beste faktoreetako bat izan da beste administrazio batzuen esku zeuden datuak eskuz egiaztatu behar izan dituztela, hasiera batean Pasaiako Udalak ez baitzuen datu jakin batzuetarako sarbide automatizaturik. Aurreikusitakoa baino beranduago izan bada ere, administrazio eskudunek baimen horiek eman dituztela jakinarazi du Alberrok, eta horrek prozesua “nabarmen arintzea” ahalbidetuko duela gaineratu du alkateak.
Sortutako atzerapenak murrizteko asmoz, udalak arreta emateaz eta izapidetzeaz arduratzen den taldea indartu duela aurreratu du, langile berriak kontratatuz eta udal baliabide gehigarriak berariaz bideratuz zeregin horretarako. Alberrok baietsi du udalak “gardentasunez eta zuhurtziaz” jokatu duela sortutako zailtasunen aurrean, eta aurre egiteko gai izan dela: “Ordenantza indarrean zegoen eremuetan, ez zaie isunik jarri txartela eskatua zutenei, nahiz eta ziurtagiri hori oraindik ez eduki. Gainera, informazio abisuen epea luzatu dugu sistema berria pixkanaka egokitzeko”.
Urteko tasen salbuespena
Sistema berriagatik herritarrek ordaindu behar dituzten tasei dagokienez, ordenantzak bi tasa mota aurreikusten dituela adierazi du udalak:
- 37 euro txartelaren jaulkipenagatik. Txartela jasotzerakoan bakarrik ordaindu beharko da.
- Mantentze lanen urteko tasa, sistemaren kostuak ordaintzeko (kaleak margotzea, matrikula irakurleak edota langileak).
Sortutako arazoen aurrean, udal gobernuak erabaki du ez aplikatzea urteko tasa 2026ko eta 2027ko ekitaldietan, “herritarrekiko ulermenaren adierazgarri”. “Sistema martxan jartzeak ekarri dituen zailtasunen jakitun gara, baita sortu ahal izan diren eta oraindik or daitezkeen eragozpenen jakitun ere. Hori dela eta, ez dugu kobrantza gehigarririk egingo datozen bi urteetan”, baietsi du alkateak. Horrez gain, Alberrok gaineratu du Pasaiako Udala Donostiakoarekin hitz egiten ari dela Eskalantegi bikoiti eta Azkuene bakoitietako bizilagunen egoerari irtenbideak bilatzeko.
Aurrerapenak Antxon eta hurrengo faseak
Antxon aste honetatik datorrenera bitartean bukatuko da txartelen banaketa, eta orduan hasiko da Udaltzaingoa gaizki aparkatutako ibilgailuei abisu informatiboak jartzen. Txartelak jasotzea errazteko, Antxoko HAZ bulegoa goizeko ohiko ordutegian irekiko da, baita ohiz kanpo ere, hilaren 22ko eta 23ko arratsaldeetan. Txartelak jasotzera joan daitezkeen herritarrek SMS mezu bat jasoko dutela aurreratu du udalak. Horrez gain, udal gobernuak adierazi du beharrezkoa balitz gehiagotan irekitzeko aukera aztertzen ari dela.
Donibaneri, San Pedrori eta Trintxerperi eragingo dien hirugarren eta azken faseari erreparatuta, alkateak dei egin die barruti horietako bizilagunei HAZera joan daitezen eskaera izapidetzera. Ezarpen datak “laster” jakinaraziko direla adierazi du alkateak, eta, aurreko faseetan bezala, zehazpenik gabeko lehen abisu aldia ezarriko da egokitzapena errazteko.
Bukatzeko, honakoa gogorarazi du Alberrok: “Parte hartze fasean herritarrekin hartutako konpromisoa betez, behin sistema udalerri osoan ezarri ondoren, udalak sistema horren funtzionamendua aztertuko du, eta balizko hobekuntzak aztertuko ditu”. Besteak beste, bertakoen eta aparkaldi libreko eremuen artean espazioak birbanatzeko aukera aipatu ditu alkateak.
Mikel Garcia Peñil Mugikortasun zinegotziaren gutuna
