Asteklima, azken txanpan
Gaur 'Nik maite dut lurra' ipuinaren kontaketa egingo dute San Pedroko liburutegian, 17:30ean. Bihar Donibaneko Erroteta errekaren egoera ezagutuko dute, 17:30ean.
Aldaketaren Marea egitasmoaren barruan, Pasaiako Udalak Asteklima sentsibilizazio kanpainarekin bat egin du aurten lehen aldiz. Asteklima hilaren 17an hasi zen, eta iniziatiba horren barruko jarduerak hilaren 26ra arte egingo dira.
Pasaian lau jarduera antolatu dira. Lehen biak egin dituzte jada. Gaur (asteazkena) Nik maite dut lurra ipuinaren kontaketa egingo dute San Pedroko udal liburutegian, 17:30etik 18:15era. Mendiak, itsasoak eta animaliak dira liburu horren protagonistak, eta klima aldaketaren aurrean naturaren zaintzak inoiz baino garrantzia handiagoa duela islatuko dute. Sarrera doakoa da, aretoko edukiera bete arte.
Asteklimaren barruko azken jarduera bihar izango da (osteguna). Donibaneko Erroteta errekan Herriko errekaren egoera ezagutzen izeneko tailer praktikoa egingo da, 17:30etik 19:00etara. Saioa haurrei eta familiei begirakoa da, eta Errotetako laginak hartu eta landuko dituzte, hiri inguruetako errekek klima aldaketaren arloan duten garrantzia nabarmenduz.
