Gizarte justuago bat eraikitzeko gogoeta kolektiboa antolatu du Mindarak
'Ideietatik ekintzetara' hausnarketarako topaketa antolatu du Mindara elkarteak hilaren 29an, eta parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Ideietatik ekintzetara topaketa antolatu du Mindara elkarteak hilaren 29an, 17:00etan Reina aretoan. Gogoeta kolektiboa bultzatu nahi du herritarren artean Errenteria-Oreretako elkarteak jendarte justuagoa eraikitzeko unean herritarrek duten garrantziaren gainekoa. Hitzaldia eta dinamika parte hartzaileak egingo dituzte topaketaren barruan, eta gizartegintzarekin lotutakoetan parte hartzeak eragiten dituen onurak jarriko dituzte erdigunean.
Topaketaren bidez, bestalde, Mindarak antolatzen duen elkartasun azokarako ideia berriak jaso nahi dituzte; aurten zazpigarren ekitaldia izango du azoka horrek, eta abenduaren 13an egingo dute Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estalian.
Kirol inklusiboa, egokitutako kirola eta aisialdi hezitzailea bultzatzea du helburu Mindara elkarteak. Horrekin batera, pertsona guztien parte hartzea bermatzea biltzen du, euren egoera dena delakoa dela ere; gainera, aniztasun funtzionala duten pertsonekin izan burukoa edo fisikoa, elkarlanean ari diren instituzioentzat erreferentziazkoa izan nahi du elkarteak: “Finean pertsona orok ditugu gaitasunak eta ezgaitasunak, eta pertsona guztiak gara aldi berean independente eta menpeko. Hori horrela, eskubide eta aukera berdintasunean izan behar dugu denok”.
Mindarak parte hartzera deitu ditu herritarrak, eragileak eta elkarteak, “denok izan gaitezen elkartruke, sormen eta konpromiso jardunaldi honen parte, eta aldaketa sozialaren eragile ere”.
