Patri Urkizuri aitortza UNEDen aldizkarian eta 'Egan'-en
Sortzaile lezoarraren gaineko edukiak argitara eman dituzte bi aldizkari horietan, utzi duen arrastoaren seinale.
2024ko abenduan hil zen Patri Urkizu Sarasua irakasle, idazle, filologo, ikertzaile, kirolari, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari eta euskaltzain urgazlea, eta Lezoko alkate izandakoa besteak beste. Arrastoa utzi zuen izan zen talde, erakunde eta alor guztietan. Horregatik, lezoarrarekiko aitortza keinuak asko eta asko izaten ari dira. Horietatik bi paper eta hizki kutsukoak dira. Urkizuren obra ia ondare guztia haren webgunean ikus daiteke.
UNEDen (Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitatea) Revista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca aldizkariaren 30. zenbakia (hilaren 17an publikatua) Urkizuren omenezko argitalpenez dago josia. Hainbat kolaboratzailek, tartean delarik Urtzi Urkizu semea, haren aitortzarako testuak egin dituzte. Horiek bereziki aldizkariak euskarari gordeta dion atalean ikus daitezke, baina bestelako orrialdetan ere badira Urkizu goresteko, haren egitekoa azaleratzeko, eta utzitako arrastoaren tamainaren berri emateko artikuluak. Hemen klik egitean, aldizkari horren aldaera digitalera joateko aukera dago.
UNEDen agerkari horrek badu berezitasun bat. Urkizuk berak idatzitako artikulu argitaragabe bat ere bada, asteko egunen euskarazko izenei buruzkoa: izen horietarako proposatutako etimologiak ezbaian jartzen ditu lezoar sortzaileak. Baliatu esteka hau aurretik inon argitaratua izan ez den artikulua ikusteko.
Abenduaren 1ean aurkeztuko dute aldizkari hori Madrilen. Urkizuk urtero egiten zuen bertarako ekarpenen bat.
‘Egan’ aldizkarian, gehiago
UNEDen Revista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca aldizkarian bakarrik ez. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen literatura aldizkarian ere, Egan-en, lezoarren obran jarri dute begia. Hala, Joxerra Gartziak eta Idoia Gereñuk Urkizuri eskainitako artikuluak idatzi dituzte, eta gainera, Egan-en Urkizuk argitaratu zituen lanen bilduma ere jasoa dago.
