Bizilagun berriei harrera egin diete Oiartzungo Udalak eta herritarrek
366 bizilagun berri ditu Oiartzunek, eta horiei harrera egin diete udalaren eta Abaraxkaren ekimenez. Egunaren balorazioa egin dute.
Argazkilaria: Mendi UrruzunoMendi Urruzuno 366 bizilagun berri ditu Oiartzunek, eta, ohi moduan, horiei harrera egin zieten pasa den igandean Oiartzungo Udalaren eta Abaraxkaren ekimenez. Arizmendiko lorategian izan zen topaketa, eta Olaia Lasa zinegotziak kontatu duenez, aurtengo ekitaldia “bereziki hunkigarria” izan da.
Lasak azaldu duenaren arabera, aldi guztietan hartzen du hitza etorri berriren batek, baina nabarmendu du aurtengoan “askok” kontatu nahi izan zutela beren esperientzia zein den eta zein izan diren herrira etortzeko arrazoiak. “Hitza hartu zuten guztiek ekimen polita dela esan zuten eta oso eskertuta agertu ziren antolatzeagatik. Bizipen politak eta egoera oso latzak ezagutzeko aukera ere izan genuen, eta aukera zoragarria izan genuen elkar ezagutu eta herria saretzen jarraitzeko”.
Musika izan zuten lagun ekitaldi guztian zehar, eta amaieran hamaiketakoa zein Ekuadorreko txokolatea dastatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek.
Aiako Harria Gaztelumendi eta Lasa zinegotziak pozik agertu dira ekitaldiarekin zein Harrera Astearen baitan antolatu dituzten gainontzeko ekintzek “piztu duten interesarekin”.
Oiartzungo Udalak saio horretako Mendi Urruzunoren zenbait irudi bildu ditu; egin klik hemen horiek ikusteko.
