Erreleboak Pasaiako udal gobernuan
EH Bildu udal taldeko Aitor Brion eta Natitxu Etxarri zinegotziek aktari uko egingo diote hilaren 28ko osoko bilkuran. Miren Murua eta Joanes Bereziartua izango dira haien erreleboa.
Agintaldi erdia pasa da, eta Teo Alberro Bilbao alkateak zenbait aldaketa iragarri ditu udal gobernuan. EH Bildu udal taldeko Aitor Brion Barneto eta Natitxu Etxarri Aizkorreta zinegotziek aktari uko egingo diote hilaren 28ko osoko bilkuran. Haien ordez, Miren Murua Arrizabalagak eta Joanes Bereziartua Zurutuzak hartuko dute zinegotzi kargua, azaroaren 25eko udalbatzan.
Alberrok “bihotzez eskerrak” eman dizkie Brioni eta Etxarriri azken bi urteetan erakutsitako “gogo eta konpromisoagatik” eta egindako lan guztiagatik: “Gaurkoa ez da, inolaz ere, agur bat. Erein duzuen haziak fruitu eman du gure herrian eta ematen jarraituko du, Pasaiaren alde egin duzuen lana betierekoa izango baita”.
Brionek eta Etxarrik udaletik kanpo lanean jarraitzeko konpromisoa hartu adierazi dute, eta horregatik ere aitortza egin die alkateak: “Jakin badakigu gure herriaren aldeko lanean jarraituko duzuela erabateko konpromisoz, udalgintzatik oso bestelakoa den esparru batean bada ere”.
EH Bildu udal taldeak lore sorta bana eman die kargua utziko duten bi zinegotziei, eta kimu loreontzi bana lekukoa hartuko dutenei, “aldaxka horietatik landare handi eta sendoak hazi daitezen”.
Bereziartuak eta Muruak herrigintzari lotutako ibilbidea osatu dutela jakinarazi du EH Bilduk. Bereziartua sanpedrotarra da jaiotzez, baina gaztetatik Donibaneko herri mugimenduan ibili da. Historia ikasi zuen, eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea da. Murua ere sanpedrotarra da. Ingeniaritza teknikoko ikasketak egin zituen, eta ingeniari gisa ari da lanean.
Erreleboarekin, alkateak baietsi du taldeak “indarberrituta” ekingo diola agintaldiaren bigarren erdiari: “Talde prestua dugu, anitza, eta indartsu gaude Pasaiak oraindik dituen erronka handiei aurre egiteko, eta etorkizuneko proiektuen oinarriak finkatzeko”.
