"Gozatu erakusketa honekin, guk arraunarekin eta igoerarekin gozatu dugun bezain beste"
Hibaika arraun Elkarteko gizon seniorren igoeraren gaineko argazki erakusketa zabaldu du Dani Novas argazkilari oreretarrak. Abenduaren 1a arte izango da ikusteko aukera, Bite tabernan.
Erakusketaren irekiera ekitaldia.Unai Huizi Atzo zabaldu zuen Dani Novas argazkilariak Hibaikako gizonen traineruaren maila igoeraren erakusketa Bite tabernan. Arraunlarietako asko bertaratu ziren inaugurazio ekitaldira, baita zuzendaritzako kideak Jon Otegi presidentea buru, Dani Cobjuc entrenatzailea eta gizonen eskifaiarekin eskuz esku aritu den Zuriñe Alberdi ere. Haiekin batera zenbait zale eta beste hainbeste herritar.
Arraunlariek hartu zuten hitza lehenik, eta haien izenean mintzatu zen Liher Saiz. Eskerrak eman zizkien erakusketaren irekiera ekitaldira gerturatutako guztiei, baita aurreko denboraldian igoera egi bihurtzeko lanean aritutako guztiei ere: “Dani Cobjuc entrenatzaileari, Unai Amenabar prestatzaile fisikoari, eta zuzendaritza osari, gurekin sinistu eta babesteagatik”. Zaleak ere aipatu zituen Saizek, eskerrak emateko horiei ere, “marea beltzaren hauspoa estropadaz estropada sumatu dugulako”. Babesleei ere eskerrak arraunlariak, Hibaikaren proiektua aurrera ateratzeko “ezinbesteko” direlako. Azkenik, esker ona adierazi zion, halaber, Dani Novas argazkilari eta Hibaikako kideari, “egi bihurtu dugun igoeraren ametsa unean-unean harrapatu eta betikotzeagatik”.
Erakusketa bildutako argazkiek denboraldiko lana, esfortzua, sufrimendua, frustrazioa, poza, diziplina eta ilusioa erakusten dutela jarri zuen nabarmen Saizek, “baita Hibaikako arraunlariok gure herriarekin eta arraunarekin dugun konpromisoa ere”.
Erakusketara deitu zituen herritarrak, bestalde, “gozatu erakusketa honekin, guk arraunarekin eta igoerarekin gozatu dugun bezain beste”. Hitzordua ere jarri zien Saizek, “datorren denboraldian ere ondoan nahi zaituztegu”.
Ilusioz eta urduritasunez. Hala bizi du Novasek erakusketa aurrekoa, “argazki erakusketarekin ikusmina eta ilusioa zutela arraunlariek jakin nuen, eta egia da horrek ni ere ilusionatu egin nauela. Urteak eman dituzte gogor lanean emaitza eskasekin baita trainerua ateratzeko ere zailtasunekin. Aurten urte ona izango zela aurreikusi genuen eta hori horrela fokua eta arreta jarri genuen beraiengan argazkiak egin eta zerbait polita antolatzeko sari gisa”. Pozik dago Novas erakusketarekin, baina baita gizonen traineruaren lorpenarekin.
Erakusketa arraunlarien lanari aitortza da, baina hortik harago ere badoala adierazi du argazkilariak, herri egiteko nahiarekin, alegia: “Herritarrak arraunarekin gehiago inplikatzea, Hibaika gehiago ezagutzea. Nahiz eta gure herriak ez izan arraun tradizio oso handia, hori zabaltzen, hedatzen eta sustatzen joatea ere bada erakusketaren helburua. Herritarrak estropadetara animatzera joan daitezen nahi dugu, Kontxatik harago lehia askoz ere zabalagoa baita”.
Arraunera gerturatu eta kirol gisa aukeratzera ere bultzatu nahi dute jendea erakusketaren bidez.
Hogei argazki aukeratu ditu Novasek erakusketarako, eta bateren batzuk aurreko denboraldietakoak ere sartu ditu sorta horretan, “gaur egungo emaitza hori, aurretik egindako lanaren emaitza ere badelako eta garai horietako entrenatzaileen lanari ere egin nahi izan diot aitortza”. Aukeraketa ez dela erraza izan dio, eta orduak eta orduak eman dituela dena prestatzeko, “txaranga eta zaleen argazki bat ere sartu dut, garrantzitsua iruditu zaidalako dena erakustea”.
Erakusketa abenduaren 1a arte izango da ikusgai Bite tabernan. Denbora tarte horretan Bitetik pasatzen direnek Hibaika eta arrauna gertuagotik ezagutzea nahiko lukeela dio, “batez ere gazteengana heldu ea bateren batek urratsa egiten duen arraunean hasteko. Bestalde, ea balio duen gero eta gehiago izan gaitezen arraun elkartean, hazi gaitezen, herritarrek Hibaika babestu dezaten”.
Erakusketan dauden argazkiak etxera eramateko aukera ere badagoela azaldu du Novasek, “Franan argazki dendan inprimatu ditut argazkiak. Bertara joanda, nahi den argazkia eta tamaina aukeratzea dago”.
Ondoko argazkiak Unai Huizi argazkilariak eginak dira.
