«Idazle bezala amets bat betetzea suposatu du sariak»
Sari bikoitza jaso du Karmele Mitxelena Etxebeste idazle oiartzuarrak. Aitona Floren haurrentzako liburuak Euskadi Saria ekarri dio besapean; Zoriona edo antzeko zerbait eleberriak, Zilarrezko Euskadi Saria. Ilusioz jaso ditu aitortzak.
Karmele Mitxelena Etxebeste XIMUN LETURIA Euskadi Literatura Saria haur eta gazte kategorian, eta Zilarrezko Euskadi Saria irabazi berri ditu Karmele Mitxelena Etxebestek. Bi sari, bi liburu eta gai bera erdigunean: dolua. Heriotza haurren begietatik, batean; suizidioa eta gelditzen denaren dolua, bestean.
Aitona Floren liburuarekin haur eta gazte literaturaren kategorian irabazi duzu Euskadi Saria. Zer suposatu du?
Sari horrek suposatzen du amets bat betetzea idazle bezala, badelako zerbait idazle handietan ikusi dudana, idazle handiek bakarrik lortzen zuten zerbait, eta kasu honetan nire lanari aitortza egitea sekulako poza, sorpresa eta ilusio handia izan dira.
Argitaratutako liburuen artean ahaztuena izan dela Aitona Floren adierazi duzu, nahiz eta zuretzat kuttunenetakoa izan. Arantza atera duzu aitortzarekin?
Bai, dudarik gabe. Ez zen liburua saritua izan argitaratu zen momentu horretan, beste lan asko bai izan dira sarituak eta ondoren argitaratuak. Kasu honetan hau izan da besterik gabe idatzi nuen liburu bat, argitaratu zen, eta bai, sentipena nuen itzalean bezala gelditutako lan bat zela, eta beharbada horregatik zen nire kuttunetako bat, iruditzen zitzaidalako ahaztuta-edo gelditu zela. Niretzat bazen oso istorio berezia, eta sariarekin argitara ateratzea orain sekulako poza da.
Zer du berezia Aitona Floren liburuak?
Batetik gaia, heriotzaz eta doluaz hitz egiten duelako, eta batez ere, bigarren horretaz, doluaz. Heriotzaren ondorengo prozesu gogor horretaz baina haurraren ikuspuntutik hitz egiten du, eta nik uste dut berezi egiten duena hori dela. Dolua kontatzen duela edo azaltzen saiatzen dela haurraren begietatik. Ez gaude horretara ohituta, helduok askotan gure begietatik ikusten dugu dena, eta pentsatzen dugu, haurrek ere, halaxe ulertu behar dutela dena, bestela ez dutelako ulertzen. Bada ez, haurrek beste modu batean ikusten dituzte gauzak eta uste dut liburuak hori duela berezi, kontaketa hori.
Gipuzkoako liburu dendek ere saritu dute zure lana Zilarrezko Euskadi Sariarekin, Zoriona edo antzeko zerbait lanarengatik. Espero al zenuen?
Bada denbora bat banekiela liburu hori saritu zutela. Iritsiko zela abisatu zidaten, baina hori ere sorpresa izan zen. Bada liburu bat saritua izan dena, hasieran beka batekin sortu zelako prozesua, gero kritikaren saria jaso zuelako, orain hau… Alde horretatik sorpresaz hartu dut irakurleen aldetik liburuak izan duen harrera ona.
Bi sari, bi liburu… baina gai beraren bueltan. Dolua. Zergatik erabaki zenuen doluaz idaztea?
Doluaz hitz egiten dut, baina bi liburuetan oso kasu ezberdinak direla esango nuke. Batetik, Zoriona edo antzeko zerbait eleberrian gogoa nuen bere buruaz beste egin duen pertsonaren ondoan gelditzen den horren dolua kontatzeko, ez edozein dolu. Iruditzen zait badela oso kasu berezia, eta aspalditik horrekin bueltaka nenbilen; gai horrek asko hunkitzen ninduen, banuen gogoa horri buruz idazteko, eta hala erabaki nuen.
Beste kasuan doluaz hitz egiten dut, baina hori aukeratu nuen iruditzen zaidalako haurrekin heriotza ez dela gehiegi lantzen, ez dela gehiegi hitz egiten, edo askotan ez dakigula nola heldu gaiari, doluari are gutxiago. Eta horri heldu nion, haurren ikuspegitik gai horiek ea nola ikusten diren.
Esango zenuke bi gai horiek gizartean tabua direla?
Bai, dudarik gabe. Haurren munduan heriotza orokorrean hala da. Denei kostatzen zaigu eta saiatzen gara urruntzen, galdera ez dakigu erantzuten, eta egiten ez badizute hobeto; deseroso sentitzen gara ez dakigunean zenbait galdera erantzuten. Eta suizidioarena bada gure gizartean tabua den gai bat, oso egunean dagoen gai bat, asko gertatzen delako, egunerokotasunean asko ematen da, baina gero badirudi isilean edo itzalean gordetzen dela.
Idazlea zara, baita irakaslea ere. Esango zenuke haurrekin heriotzaren gaia behar bezala lantzen dela?
Zaila da esatea behar den moduan eta behar beste lantzen ote den. Egia da momentuak aurkitu behar direla haurrekin gai hauek lantzeko, ez da besterik gabe haurrengana joan eta esatea gaur heriotzaz hitz egingo diezula. Baina badira momentuak hitz egiteko bidea ematen dutenak. Egunerokoan aukera dago ikasgelan heriotza lantzeko, eta horiek baliatzea da nire ustez garrantzitsua, ez besterik gabe gaur gerraz hitz egitea; garrantzitsua da behar bada orain egunero telebistan ikusten dugun horretaz, gerraz hitz egitea, edo gelan halako egoeraren bat gertatu bada heriotzaz hitz egitea, uneak baliatzea.
Zailagoa egin al zaizu suizidioaz idaztea, doluaz edo bestelako heriotzez baino?
Ez da gertu bizitu dudan zerbait, eta zailagoa egin zait alde horretatik, lan gehiago izan dut kokatzeko garaian, pertsonaiaren barruan sartzeko garaian, nolabait sentitzeko zer sentituko lukeen bere buruaz beste egin behar duen pertsona batek; ahots hori aurkitzea gehiago kostatu zait.
Liburu horrek eman dizu beste sari bat, Espainiako Kritikaren Saria zehazki. Idatzitakoarekin asmatu duzun seinale al da hori?
Idazle bezala normalean asko tematzen naiz gauzak nik nahi dudan bezala kontatzearekin, eta nik nahi dudan hori egiten, horretan oso burugogorra naiz eta asko kostatzen zait gauzak aldatzea, ez bada nik nahi dudan bezala. Lana bukatzean, hortaz, badut sentsazioa lana borobilduta dagoela, ez sarituak diren lanekin soilik, lan guztiekin, niretzat ondo, txukun daudenaren sentsazioa izaten dut. Beste kontu bat da kanpoan irakurleek zein sentsazio duten. Horri dedikazio handia ematen diot.
Non sentitzen zara gusturago, haur eta gazte literatura sortzen, edo helduena idazten?
Oso ezberdinak dira, bietan sentitzen oso gustura, baina bat aukeratu behar banu uste dut helduena aukeratuko nukeela, ni ere irakurle bezala heldua naizelako. Haurren literatura irakurtzea ere izugarri gustatzen zait. Gozatu bietan egiten dut, baina oso ezberdinak dira bata eta bestea. Prozesua gogorragoa izaten da helduena sortzerakoan, buruan sortzen didan nekea handiagoa izaten da, eta emaitzak ere gehiago asetzen dit.
Sariak bi hauek, baina aitortzen ibilbide oparoa duzu soinean, Mikel Zarate saria bitan jaso duzu esaterako. Zure lumak zer edo zer berezia al du?
Esango nuke asko mimatzen ditudala egiten ditudan gauzak, hori bai. Idazten dudan zerbait argitaratu behar dudanean oso borobilduta eta zainduta bidaltzen dut, lehen esan dudan moduan, dedikazio handia eskaintzen diot.
2012an egin zenuen jauzi literaturara. Nola heldu zen erabaki hori?
Idatzizkoak ematen dit aukera nik nahi dudana nik nahi dudan moduan kontatzeko. Bertsolaritzan ibilia naiz, eta bat-batekotasunarekin ez nuen gozatzen. Aldiz, idatziarekin, bai bertsoetan zein literaturan, nik nahi dudana, nik nahi dudan bezala eta nik nahi dudanean egiten dut; horrekin gozatzen dut eta gustura gelditzen naiz.
Zailena literaturan?
Idatzi aurreko prozesua. Idatzi aurretik istorio guztia nire buruan egiten dut, eta ondoren jartzen naiz idazten. Zailena eramaten hori dut, ez zaude eserita, ez zaude lanean, baina zure burua lanean dago, bitartean mila gauza egin behar dituzu… Hori dut zailena kudeatzen.
Maniarik baduzu idazteko garaian?
Beti gauez idazten dut, ez dakit egunez idazten, ezintasun bat da. Saiatu izan naiz egunez idazten, baina gaua iristen da eta egunez idatzitako hori guztia ezabatu egiten dut, ez da nire ahotsa. Beste bat ere badut, lanak bukatzen ditudanean, ozen irakurri behar ditut.
Euskaraz idazten duzu. Hautu kontzientea da?
Nire ama hizkuntza euskara dut, eta gustura euskaraz kontatzen sentitzen naiz. Beste hizkuntza batean, ziurrenik, lehen esan dudan ahots hori ez nuke edukiko, ez nintzateke gai izango kontatzen dudana kontatzeko.
Inspiraziorako leku berezirik baduzu?
Etxean idatzi behar izaten dut, berdin da etxeko zein partetan, etxean ordenagailuan, eta gauez.
Aitona Floren eta June, Maria, Ikerne eta Xabi erabat al dira fikziozkoak, edo bada zuretik zer edo zer?
Nik ere pasa behar izan ditut nire dolu prozesuak, eta agian hortik sortu da gaiaz hitz egiteko beharra. Denoi tokatzen zaigu bizi garen momentutik, bizitzaren parte bezala, ez modu dramatikoan.
Sariak badira bultzada idazten jarraitzeko?
Bai, bultzada dira, aitortza bat da. Baina nire idazteko gogoa harago doa, nik barruan sentitzen dut, sariak egon ala ez, idazteko beharra eta gogoa.
Zein da euskal literaturaren osasun egoera?
Esango nuke gaur egun asko argitaratzen dela, eta esango nuke denetarik dagoela. Euskal irakurle eta idazleen mundua nahiko txikia da, onerako eta txarrerako, baina txikitasun horretan aniztasun handia dago, irakurleak badu aukera gustuko duena aurkitzeko. Haur literaturan azken aldian badaude beste lan batzuk, bereziak.
Haurren literaturan eta helduenean idazle bat aukeratzekotan, nor?
Leire Bilbao aukeratuko nuke, Maite Mutuberriarekin elkartzen denean gauza zoragarriak egiten dituzte elkarrekin haur literaturan, eta bada fokua jarri beharreko idazle bat. Helduen literaturan gehiago kostatzen zait aukeratzea, ez naiz idazle bakarrekoa… Eider Rodriguezen ahotsa asko gustatzen zait.
Biak emakumeak.
Joera dut emakume idazleak aukeratzeko, nire gustuak horretara doaz. Kontatzeko moduan, uste dut badagoela aldea, idazle artean dagoen bezala, emakume eta gizonen artean.
