Gobernu taldearen ingurumen arloko jarduna kritikatu du Lezoko PSE-EEk
Udal gobernuak osoko bilkuretan hartzen diren akordioak "sistematikoki" ez dituela betetzen uste dute sozialistek.
Joxean Sanchez, Lezoko PSE-EEren eleduna. PSE-EEren kritika Lezoko udal gobernu taldeari, ingurumen politiken harira. “Erabat gelditu dira ingurumen politikak”, adierazi dute sozialistek: “Osoko bilkuren akordioak sistematikoki ez ditu betetzen”. Hitz potoloekin jarraitu dute sozialistek gaitzespen oharrean, ingurumen alorrean “erabateko paralisia” dagoela argudiatuta. Gaurko Klima Aldaketaren Munduko Eguna baliatuta egin ditu gogoeta horiek Lezoko PSE-EEk.
Euren kritikan sakonduz, Joxean Sanchez zinegotzia buru duen taldeak jakinarazi du udal gobernuak “alde batera” utzi dituela ingurumen politiketan udaletik egin beharreko hainbat lanketa, “hala nola Mugikortasun Jasangarriko Plana; eta oso modu esanguratsuan 2030 Izan Herrigile agenda, udalerriaren etorkizun jasangarrirako adostutako eta 2022an onartutako bide-orria”. Sanchezen ustez, udal gobernuak konpromisoak “onartu” egiten ditu, “baina ez ditu betetzen”.
PSE-EEk gogorarazi du 2019an osoko bilkurak aho batez onartu zuela, sozialisten ekimenez, udalerriko larrialdi klimatikoaren deklarazioa. Konpromiso horren barruan, klima aldaketaren aurkako eta Eraginkortasun Energetikoaren aldeko Udal Plana egitea zegoen, baita udalerria Jasangarritasunaren Euskal Legera egokitzea ere. Hala ere, eta nahiz eta PSE-EEk 2023an babesleku klimatikoak sortzeari buruz aurkeztutako mozio batean berriro ere hori idazteko beharra berretsi zuen, oinarrizko plan hori oraindik ez da gauzatu bi urte geroago.
Kritikaz aparte, hainbat eskaera egin dituzte sozialistek. Hasteko, klima aldaketaren aurkako eta eraginkortasun energetikoaren aldeko Udal Plana berehala onar dadila nahi dute. Gainera, “Lezo 2030 Agenda premiaz suspertzea” da haien desioa, “udal-politikak NBEren garapen jasangarriko helburuekin lerrokatzeko”. Mugikortasun Jasangarriko Planaren neurriak “benetan gauzatzea” ere eskatu dute, batez ere aparkatzeko gune berriak sortzeari dagokionez.
