Euskararen aktibatzaileei aitortza
Bokalek, Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, hirugarren topaketa egin zuen ostegunean Donibanen.
Topaketan izan zirenen talde argazkia. Euskararen aktibatzaileen topagunea da Bokale, Pasaiako Euskararen Aholku Batzordea. Aktibazio zeregin horretan dabiltzanetako asko atzo (hilak 23, osteguna) bildu ziren Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Irribarre konplize artean, euskararen biziberritzean ari direnek elkar egoteko eta arratsalde goxoa izateko aukera izan zuten. Hainbat arlotan eragiten dabiltzan 50 bat lagun elkartu ziren antzokian, eta Goiatz Oiartzabalek eta Antton Cuadradok gidatutako saioa arretaz jarraitu zuten. Horren ondorengo zizka-mizka jatean hasierako irribarreak, solasaldi bihurtu ziren.
Bateratze eta aitortza ekitaldia izan zen atzokoa. Bat egitea arrakastatsua izan zen, herriko hainbat sektoretako euskaltzaleak bildu zirelako. Aitortza ekitaldian, une goxo gehiago: Pasaian euskararen erronkari heldu eta gazte identitatea euskararekin lotuta egunero-egunero azaltzen ari diren udalerriko gazteen lana nabarmendu zuten. Gazteak ere euskararen eragile ere direla goretsi zuten, alegia. Hala, Antxoko Topaguneak nahiz Papineko Gazteriak, eta Trintxerpeko Korkoiburuek publikotik oholtzarako bidea egin zuten, han jaso zuten merezitako garaikurra hartuta aitortza. Harro azaldu ziren Mari Luz Etxanizek egindako margolanarekin eserlekuetan ziren euskararen aktibatzaile beteranoagoen aurrean; Eider Perezen hitzak ditu artelan horrek. Ondoko bideoan haiek esker onez esandakoen berri izan daiteke.
Horren aurretik izan ziren beste hainbat interbentzio. Aurkezleen agurraz gain, Teo Alberro alkateak ongietorria eman zien bertaratuei, eta azaldu zuen pozgarria dela udalarentzat ikustea herriak zer nola hartu duen beregain euskara biziberritzeko ardura, Bokaleren bitartez. “Udalak badu bere egitekoa, noski. Konpromiso osoa dugu. Baina benetako motorra herria bera da: elkarteak, gazteak, ikastetxeak, merkatariak sortzaileak… Euskara gure komunitatearen kohesiorako tresna ere bada, eta hortik ari gara lanean, elkarlanean eta konfiantzaz”. Gazteen ekarpena bereziki nabarmendu zuten udal ordezkariek, “erakusten digute euskararen etorkizuna bizi eta partekatu nahi den zerbait dela”. Bokaleko elkarguneen, eragileak egindakoen, eta berritasunen berri emateko bideoa proiektatu zen alkatearen hitzen ondotik.
Aktibazioa. Euskararen aktibatzaileen garrantzia. Gai hori izan zuen hitz egiteko ildo Taupa euskaltzaleen mugimenduko Jon Zapata soziologoak. Aktibatze horretan agian konplexu izan daitezkeen gaiak ekarri zituen aretora, labur eta zehatz hainbat alorretan azpimarra jarriz. Gero, udalerrian euskararen eta euskaltzaleen saretze zeregin irmoan dabiltzan Nerea Intxaustik eta Egoitz Albizuk euren landa-lana zertan den azaldu zuten, herriko eragileekin Euskaraldia aurretik, bitartean eta ondorenean egindako jarduketen berri eman zuten, eta etorkizuneko saretze plazak zein izan daitezkeen azaldu zuten.
Umorez bukatu zen ekitaldia. San Pedroko Aleka antzerki taldekoek, egunerokoan bizi daitezkeen egoerak ekarri zituzten Juanba Berasategira. Euskaldunen kontraesanekin satira egin zuten. Umoreak, batzuetan, kontzientziak aktibatzeko gaitasuna baitu.
Aktri
